Espainiako Urrezko LEB Mailara igo da Sammic ISB taldea

Uztarria.eus 2017ko api. 16a, 22:43
Sammic ISBko jokalariak, talde teknikoa eta zaleak gaur, Avilan.

Ligako azken aurreko neurketan Carrefour El Bulebar de Avila 45 eta 60 mendean hartu ondoren, zuzenean mailaz igo da Samicc ISB taldea. Iker Buenoren mutilek Espainiako Urrezko LEB mailan jokatuko dute datorren denboraldian.

Espainiako Zilarrezko LEB Mailan ligako azken aurreko norgehiagoka jokatu du gaur Sammic ISB taldeak, eta Carrefour El Bulebar Avila 45 eta 60 garaitu ostean, Espainiako Urrezko LEB mailara igo dira azpeitiarrak. Iker Buenoren mutilek mailaz igotzeko, ordea, ezinbestekoa zuten, alde batetik, gaurko neurketa irabaztea, eta, bestetik, Cambados Cidade Europea do Viñek neurketa galtzea Valladolideko Comercial Ulsaren kontra. Zentzu horretan, zortea alde izan du Sammic ISB taldeak, izan ere, Cambadosek 59 eta 63 galdu du etxean. Gaur Avilan (Gaztela eta Leon, Espainia) jokatu duten partidan, Iker Buenoren mutilek ez dute zaleen babesik falta izan, dozenaka lagun joan baita Gaztela eta Leonera taldea animatzera.

Denboraldi bikaina egin dute azpeitiarrek, 29 partidatatik 22 irabazita, eta sailkapenari erreparatuz gero, Sammic ISBk lehen postuan bukatuko du Zilarrezko LEB mailako 2016-2017 denboraldia. Datorren denboraldian Espainiako gizonezkoen saskibaloian urrezko mailan aritzeko txartela dagoeneko eskuratuta, galtzekorik gabe aterako dira kantxara Buenoren mutilak. Azken partida etxean jokatuko du Azpeitiko taldeak datorren astean, Seguros Soliss Alcazar Basket arerio duela.