Erabilgarri dago Nuarben egin duten oinezkoentzako pasabidea

Uztarria.eus 2017ko api. 12a, 21:11

Auzotarren eskariari erantzunez, Nuarbeko elizaren aurrean oinezkoentzat pasabidea egokitu du udalak. Erakundearen arabera, hiru helburu lortu dituzte lanok eginda: "Auzo eremu horretan, errepidera irten gabe oinezkoentzako pasabidea egin eta herritarren segurtasuna bermatu da; elizara sartzeko irisgarritasun neurriak hartu dituzte, arranpla eginda; eta herritarrak elkartzeko aterpea egokitu da".

Aitor Bereziartua Hirigintza zinegotzia auzoan izan da Patxi Gurrutxaga Nuarbeko auzo alkatearekin lanen balorazioa egiten. Bereziartuak datozen hilabeteetan auzoan hainbat lan egingo dutela azaldu du; batetik, autobus geltokia egingo dute Nuarben; eta, bestetik, auzo barruan eta Beizamarako bidean autoak abiadura handian ibiltzea ekiditeko neurriak hartuko dituzte.