Jarri dute seinalea 1766ko Matxinada kalean

Uztarria.eus 2017ko api. 12a, 19:35

Dagoeneko seinaleztatu dute 1766ko Matxinada kalea. Iazko apirilaren 14an 250 urte bete ziren Azpeitian eta Azkoitian 1766ko Matxinada piztu zela, eta horren harira maiatzeko udalbatzarren aho batez onartu zuten kale horren izendatzea, Azpeitiko Kultur Mahaiak egindakon proposamenari oniritzia emanez eta matxinadaren memoria berresturatuz. Gaur, apirilak 12, jarri dute ikusgai kalea izenpetzen duen seinalea Bustinzuriko Errebaleko ibai aldean.

Urteetan zehar hainbat saiakera egin dira 1766ko gertaerari buruzko datuak artxibategietako ilunpetik atera eta herritarrengana iristeko. Bide horretan, Azpeitiko Kultur Mahaiak, Azpeitiko Udalak eta Maxixatzen Euskara Elkarteak egitarau berezia prestatu zuen iaz, matxinadaren 250. urteurrenaren harira. Aurten, aldiz, gertaeren inguruko bisita gidatua egingo dute apirilaren 22an. Bertan, matxinadak izan zuen ibilbide fisiko bera errepikatuko dute, eta gaur jarritako seinalearen parean emango diote amaiera ibilbideari.