Jaso dituzte diplomak saltoki lanetarako trebatu diren herritarrek

Uztarria.eus 2017ko api. 11a, 15:52
Diploma jaso duten herritarrak eta Udaleko, Eroskiko, Sartuko eta Okelgintza Urkaikoko ordezkariak. (Maialen Etxaniz)

Hamalau lagunek amaitu dute formazio ikastaroa, eta horietatik hamarri lan kontratua eskaini diete Eroskiren saltokietan. Prestakuntza saioen helburua da herritarrak trebatzea ondoren lan mundura gerturatzeko. Bertan parte hartu duten herritarrek balorazio "oso positiboa" egin dute, eta Udala ere gustura agertu da emaitzekin. 

Formatzea, trebatzea eta lana bilatzea. Hori da herritarrak saltokietako hainbat lanetan trebatzeko Azpeitiko Udalak abiatutako ikastaroaren xedea. Gaur, asteartea, jaso dituzte diplomak saltoki lanetarako formazio ikastaroan parte hartu duten hamalau lagunek, eta "oso gustura" agertu dira saioetan ikasitakoarekin eta jasotako tratuarekin.

Urte hasieran ekin zioten formakuntzari trebakuntza programan parte hartu duten hamalau herritarrek. Bertan ikasi dute, besteak beste, harategien salmenta puntuetan bezeroari zerbitzua ematen, produktuen inbentarioa egiten, stocka aztertzen eta salmenta puntuetan bezeroari kaxa zerbitzua eskaintzen.

Aurrena ikastaro teorikoak jaso dituzte, 80 orduz. Ondoren, hainbat saio praktiko egin dituzte Eroskin eta Okelgintza Urkaikon, ikasitakoa praktikara eramateko. Behin horietan trebatuta, 120 orduko praktikaldia egin dute Eroskiren saltoki ezberdinetan. Orain, hamalau lagunetatik hamarri lan eskaintza luzatu diote, eta lan mundura salto egiteko aukera eman. 

Ikastaroan parte hartu duten kideetako bat da Ainhoa Segurola, eta hark adierazi duenez, "oso esperientzia positiboa izan da, arlo profesionalean zein sozialean". Horregatik, eskerrak eman dizkie Udalari, Eroskiri eta Zabaltzen Sarturi. Horrez gain, azpimarratu du "adin ezberdinetako lagunek osatutako lan-talde polita" osatu dutela. Mari Jose Arrizabalagak ere formakuntza saioak jaso ditu, eta hark "izugarrizko esperientzia" izan dela esan du. "Egon garen lekuetan beti agertu dira laguntzeko eta erakusteko prest. Guk ez genuen nahi traba bat izaterik, ez genuen nahi saltokien lan-erritmoan eragiterik, baina gure erara lan egiten utzi digute, eta asko ikasi dugu", adierazi du Arrizabalagak. 

Formazioa, ezinbesteko lanabes

Urte hasieran abiatu zuen formazio programa Udalak, Eroskirekin eta Zabaltzen Sarturekin elkarlanean, eta emaitzekin gustura agertu da. Eneko Etxeberria alkateak eskerrak eman dizkie ikastaroa eskaintzerako orduan bidelagun izan dituzten bi enpresei, eta azpimarratu du Udalaren lehentasunetako bat dela "kalitatezko enplegua" sustatzea. Hori lortzera bidean hainbat formazio ikastaro antolatu dituztela azaldu du Etxeberriak, eta enplegua sortzen jarraitzeko konpromisoan berrestu da. Bestalde, Eroskiren izaera kooperatibista azpimarratu du Etxeberriak: "Eroski kooperatiba bat da, eta guk erabat sinesten dugu kooperatibetan. Bertan murgiltzen diren pertsonek bertan lana egiteaz gain, lan horretan erabakigunea izateko aukera ere badutelako". Horrez gain, eskerrak eman dizkio Eroskiri, "gure herriaren alde egindako apostuagatik", eta arlo sozialari dagokionez, aipamena egin dio duela urte eta erdi inguru Eroskik Gureakekin elkarlanean zabaldu zuen saltokiari. Josean Yela Eroskiko kanpo harremanetarako zuzendariak ere eskerrak eman dizkio Azpeitiko Udalari, eta azpimarratu du saltoki katearentzat garrantzitsuena pertsonak direla: "Guretzat aurrena pertsonak dira, dirua baino lehen. Guk ez dugu begiratu zuen adina, ezta zuen formazioa ere, gurekin egon nahi duzuela begiratu dugu". 

Bestalde, hitza hartu dute Zabaltzen Sartuko Marta Saezek eta Okelgintza Urkaikoko Patxi Aldasorok. Saezek, "proiektuaren altxorra denen artean egindako ibilbidea" izan dela esan du, eta eskerrak eman dizkie programan parte hartu duten herritarrei, "egindako esfortzu guztiagatik". Horrez gain, eskerrak eman dizkie Eroskiri zein Okelgintza Urkaikori, formakuntza eta kontratazio konpromisoagatik.

Programan murgiltzearen eskaintza luzatu ziotenean, hasieran zalantzak izan zituztela esan du Patxi Aldasoroko Okelgintza Urkaikoko kudeatzaileak, baina baiezkoa emateko denbora gutxi behar izan zutela azpimarratu du. Izan ere, proiektuarekin bat egiteko bi arrazoi nagusi identifikatu zituzten. "Eroski berezo garrantzitsua denez, hori baino gehiago zor diogu. Bertako produktuen alde egin zuen, eta bertako produktu horien artean dago Okelgintza Urkaiko", azaldu du Aldasorok. Bestetik, "bertako ekonomia bultzatzen lagundu" zezaketela iritzita hartu zuten formakuntza eskaintzeko erabakia. "Formakuntza eta lana uztartzea zaila bada ere", esperietziarekin "gustura" agertu da Okelgintza Urkaikoko kudeatzailea.