Anoeta berritzeko lanetan ere hartuko du parte Altuna y Uriak

Uztarria.eus 2017ko api. 10a, 18:02
Anoeta berrituak izango duen itxuraren irudi moldatua da hau. (Nuevo Anoeta)

Moyuarekin aldi baterako osatu duen enpresa taldeari adjudikatu diote Donostiako futbol zelaia birmoldatzeko hasierako lanen kontratua.

Zubietako erraustegiko lanetan ez ezik, Anoetako estadioa birmoldatzeko proiektuan ere hartuko du parte Altuna y Uria Azpeitiko eraikuntza enpresak. Gaur zortzi sinatu zuten erraustegia egiteko kontratua Altuna y Uria tarteko duen enpresa taldeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eta joan den ostiralean jakinarazi zuen Donostiako Udalak, hiriburuko futbol zelaia berritzeko eta handitzeko proiektuaren lehendabiziko lanak Altuna y Uria eta Moyua eraikuntza etxeek osatu duten aldi baterako enpresa taldeak egingo dituela; erraustegiko lanak egingo dituen enpresa taldean ere badago Moyua.

Zero Atala izena eman diote Anoetako lehen lanen multzoari. Anoeta Kiroldegia sozietate publikoak 1.104.456 eurotan zabaldu zuen obrak esleitzeko lehiaketa publikoa; Altuna y Uriak eta Moyuak 888.669 euroko eskaintza aurkeztu zuten, eta haiek irabazi dute lehiaketa. Estadioa berritu aurreko lanak dira aurrefase horretan egingo dituztenak eta obrak maiatzean hasiko direla aurreikusi dute.