Paella txapelketarekin dator aurtengo Salatzen Dut Eguna

Uztarria.eus 2017ko api. 10a, 14:50

Maiatzaren 20an izango da aurtengoan presoen eskubideen aldeko eguna. Urtero bezala, egun osorako egitaraua prestatu du Sarek, eta berrikuntzen artean dago paella txapelketa. Izena emateko azken eguna maiatzaren 15a da.

Aurtengo Salatzen Dut Egunak badu data: maiatzaren 20a. Egun horretara begira hilabeteko egitaraua prestatzen ari da Azpeitiko Sare, baina oraingoz bi hitzordu aurreratu ditu, Su Ta Gar taldearen kontzertua eta paella txapelketa.

Hainbat berrikuntza izango dira aurtengo Salatzen Dut Egunean, eta horietako bat da antolatu duten paella txapelketa. Edonork hartu ahal izango du parte egitasmoan, eta Sarek azpeitiar orori egin dio dei bertan parte har dezan. 

Txapelketaren oinarriak

Paella txapelketan parte hartzeko izen-ematea binaka egitea gomendatzen du Sarek. Paella egiten duten bi lagunek herri bazkarirako txartela doan izango dute, eta beraiek prestatutako paella beraiekin doazen lagunek jateko aukera izango dute. Sei edo zortzi lagunentzako paella prestatu beharko da, eta paellera, arroza eta osagarriak parte-hartzaileek eraman beharko dituzte. Azpiegitura (sua, haima...), antolatzaileen esku egongo da. Plazan izango da txapelketa, 13:00etan hasita.

Izen-ematea zabalik

Dagoeneko zabalik dago paella txapelketan izena emateko epea. Orkatzen, Sanagustin kulturgunean zein azpeitikosareherritarra@gmail.com helbidera idatzita egin daiteke izen-ematea. Horretarako azken eguna maiatzaren 15a izango da.

Egun horretan, antolatzaileek eta parte-hartzaileek bilera egingo dute 21:00etan Sindikatu Zaharrean, txapelketara begirako xehetasunez eta antolaketaz hitz egiteko.