Azpeitiarren erreakzioak ETAren armagabetzearen aurrean

Uztarria.eus eta Urola Kostako Hitza 2017ko api. 10a, 13:38

Baionako joan den zapatuko ekitaldiaz eta aurrera begirakoaz galdetu diete Uztarriak eta Hitzak herriko zenbait ordezkari eta aurpegi ezaguni.

Hauek dira mahai gainean jarri zaizkien bi galderak:

1. Nola baloratzen duzu ETAren armagabetzea?

2. Eta orain, zer?

Eta hauek, jasotako erantzunak.

Eneko Etxeberria (Azpeitiko alkatea)

1. "Uste dut bakea lortzeko pausu oso garrantzitsua dela, egungo bizi modernoaren abiaduran beste albiste besterik ez du ematen du, baino historian sartuko den pausua da eta data da. Etorkizunean atzera begiratuta ikusiko da eta erabakiaren pisua nabarmentzeaz gain forma berri eta irudimen handiko formulazioaz gogoratuko garela uste dut. Zailtasunen objektiboen aurreko ekimen honek, aldi berean, ilusioaz betetzen gaituena, protagonismoa gizarteari, herritarrei ematen zaielako, eta neurri batean herritarrek ahalmendu eta aktore printzipal bihurtu. Iragana ezin da aldatu, eta batzuek iraganean lotuta nahiko balute betirako herri hau ere, etorkizunera begira jarria dago jendartea eta gure herria".

2. "Baionan larunbatean egon ginenak oso kontziente ginen pausu honek aukerak irekitzen dituela, eta aukera horietan pausu berriak eman ezkero etorriko dela gure herrira bakea, biktimak eta presoen gaineko erabakiek bizikidetza indartu eta eraikiko dute, baina gainera, batez ere bakeak errespetua exijitzen du, edozein proiektu politiko gaurko markoan ere garatu daitekeenaren bermea. Dena izan beharko litzateke posible herritarrek nahiko balute, mugarik gabe, gure herritarren borondatea aparte mugarik gabe".

Aitor Gorrotxategi (Azpeitiko Udaleko EAJren bozeramailea)

1. "Guztiok, eta neuk pertsonalki, desio nuen zerbait da. Su-etenerakin aro berri bat hasi genuen, baina urrats hau beharrezkoa dela uste dut aurrera egiteko. ETA soberan dago".

2. "Pasatu dena ahaztea zaila izango da, eta zauriak sendatzen joan behar da. Eskubide urraketa eta biktima guztiek izan behar dute beren erreparazioa eta aitortza".

Aritz Arzallus (Azpeitiko Sortuko kidea)

1. "Beste urrats eta une historiko baten aurrean gaude eta horrek itxaropena areagotzen dit. Gatazkaren ondorioen konponbide osoaren baitan, ETAk bere aldetik jarduera armatua amaitutzat eman zuenetik, urrats hau egiteko jarrera etengabea izan du. Alderantzizko norabidean, berriz, une guzti horretan zehar estatuen eta hainbat instituzioen partetik zuten ardurari muzin egin eta gehiegitan oztopatzen aritu dira. Beraz, ia usteltzear zegoen prozesu horren testuinguruan, txalogarria iruditu zait gizarte zibilak, heldutasuna demostratuz, lekukoa eta protagonismoa hartu eta 'bakearen artisauek', ETAren armagabetze kontrolatua, ordenatua, segurua eta gardena izan dadin egin duten ekarpena. Eta zentzu horretan, txalogarria baita ere bake prozesu integralaren alde eginez eta larunbateko ekimenean parte hartuaz, hainbat herritar anitzen partetik jaso den babes politiko eta sozial anitza. Gainera azpeitiar ugari ikusi nituen Baionan bertan, ilusionagarria zentzu horretan. Hala ere, Euskal Herrian bake justu eta osoa egon dadin nahi dut eta oraindik ez da gauzatu hori. Preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko herri batean amesten dut eta ametsetatik hori bizitzera pasa nahi dut, guztiak etxean izatera. Oraindik ere gure kaleetan inpunitate osoarekin eta oldarkor dirauten indar armatuen presentziak ez du bake osoan gauden sentsaziorik ematen, inondik inora ere. Eta gatazkaren biktima guztien aitortzatik abiatuta errelato kolektibo bat egiteko bidea egin beharra dugu. Hori izango da gatazkaren ondorioen konponbide osoa ematea, Euskal Herrian bake justu eta iraunkor bat izatea".

2. "Euskal herritarrok etorkizunean zer nolako herria izan nahi dugun erabakitzeko, indartsu abiatu den burujabetza prozesu herritar horren garapena hala edo nola blokeatzea dago estatuek konponbidearen aurka daramaten estrategiaren oinarrian. Eta hori izango da gure etorkizuneko erronka nagusia, burujabetza prozesu zabal eta indartsu bat eraikitzea, euskal herritar guztiok parte izango garena. Eta horretan ere, Euskal Herriko instituzioek paper garrantzitsua jokatzen duten arren, aitzindari eta protagonista nagusiak izatea herritarroi tokatzen zaigu. Eta horretan sinesten dut. Bakean eta askatasunean oinarritutako euskal estatu independente eta demokratiko bat amesten dut eta berandu baino lehen ezagutuko dugula ziur nago. Bada garaia gure seme-alabek irri egin dezaten Euskal Herri berri batean”.

Jabier Altuna (Azpeitiko EAJko kidea eta batzarkidea Gipuzkoako Batzar Nagusietan)

1. "Balorazio positiboa. Konponbiderako beste pauso bat da armagabetzea".

2. "Ondorio batzuk hor egongo dira betirako, Abitainen eta beste hilerrietan. Ezer gutxi egin dezakegu, biktimen ondoan egon ezik.
ETAk, egin dituen astakeriengatik, hilketengatik, lapurretengatik, mehatxatuta herria utzi behar izan dutenengatik, ardura hartu behar du eta egin duena, gaizki egon dela esan; hau egitea  beste pauso positibo bat izango litzateke eta, zalantzarik gabe, lagunduko luke beste ondorioak, betirako ez direnak, konpontzen. Zauriak ixten hasteko garaia da. Ea ixte prozesuan ados jartzeko gai garen eta herrian dagoen sufrimentua samintzen den".

Ramon Etxezarreta (PSE-EEko kidea)

1. "Ez daukat batere zalantzarik. Oso berri ona kontsideratzen dut hainbeste min eta kalte eragin duen taldearen armak poliziaren eskuetan jartzea. Despedida apalagoa eta normalagoa egin zezaketen, ikuskizuna puzten aritu gabe. Betikoan jarraitu dute, akaberan ere, gizartearen eta erakundeen arteko etenean labore eginez, beren neurrira sortutako gizataldeei, ez besteei, gizarte zibil deituz, erakundeei zilegitasuna aitortzea saihestuz, edo ukatuz".

2. "Orain lanak, hainbeste urtean eraso dituzten erakundeen zilegitasunera ohitzen; demokraziaren marretatik atera gabe lan politikoa egiten. Guztiok, baina guztiok, gizakoiago izaten; errespetuaren arauak ikasten; gure historiari biolentziak lapurtu dion parte noblea errekuperatzen. Horrekin egin diguten etena konpontzen; gutasuna, guztiok bere baitan izango dituen gutasuna, eraikitzen"

Miren Odriozola (internazionalista)

1. "Seguru asko munduan inoiz gertatu ez den moldean egin du ETA erakundeak armagabetzea. Zailtasun guztien gainetik, bakearen artisauek eta nazioarteko batzordeko kideek lagunduta, frantziar arduradunen esku jarri ditu armak. Estatuen negoziazio mahairik gabe. Baldintzarik gabe, baina milaka herritarren babesarekin edo laguntzarekin. Tristura sentitu dut presoak etxeratzeko gai izan ez garalako, baina horrek ez du esan nahi urte hauetan hainbat gauza lortu ez dugunik. Adibidez, egun hauetan euskarak Korrikaren bidez izan duen arrakasta. Eskertzekoa da baita ere, egun hauetan alderdi eta sindikatu ezberdinek erakutsi duten batasuna, eta Euskal Herriko gobernuek egin duten lana. Herri honek erakutsi du berriro ere badituela inteligentzia eta abilezia".

2. "Orain, mahaiaren gainean ditugu presoen afera, biktima guztiak, elkarbizitza, justizia soziala eta herri honen erabakitzeko eskubidea. Benetako bakea lortzeko lan asko egin beharra daukagu. Egun hauetan lortu dugun batasuna jarri dezagun mahai gainean dauzkagun arazoei konponbidea bilatzeko, bake justu bat lortzeko eta herri honen bidea egiteko. Sinesten dut herri honek badaukala nahikoa indar eta konpromiso mugimendu zabal bat sortzeko, urrats berriak emateko eta baimenik eskatu gabe (ez digute eta emango) bere burujabetza erabakitzeko".

Laxaro Azkune (kazetaria)

1. "Lehendabizi, esango dut ikaragarrizko poza hartu dudala, eta pena neuk han izaterik izan ez dudalako, beste konpromiso batengatik. Egun historikoa eta pozgarria izan da gure belaunaldikoentzat. ETAren bizitzak gure belaunaldiko askoren bizitzak zipriztindu baititu gutxi-asko, eta behin baino gehiagotan izan dugu beldurra arazo hau behar bezala amaitzen ez ote genuen asmatu behar.

Beste behin, herri honetan izan dira eskuzabaltasun handiz pauso bat aurrera eman eta beren buruak eskaini dituztenak. Txalo handi bat haientzat. Gaia trabatuta zegoen estatuen aldetik eta gure erakundeek ere ez dute erakutsi behar diren urratsak egiteko abildaderik. Behetik gorako ipar-haize freskoak oskarbitu du giroa, hegoaldekooi lezioa emanez, guk baino bide luzeagoa egina baitute nonbait iritzi ezberdinekoen arteko elkarlanean".

2. "Inoiz baino garbiago dago ezberdinen arteko elkar ulertzean aurkituko dugula bidea. Urrats honetan erakutsi den bezala, denon artean aurkitu behar dugu elkarrekin ahalik ondoen bizitzeko bidea. Elkarri entzunez, elkar errespetatuz eta elkarrekin erabakiz, inongo inposiziorik gabe. Era horretan sendatuko ditugu orain arte elkarri egindako zauriak, hustuko ditugu kartzelak eta etxeratuko deserriratuak, baina horrek denon konpromisoa eskatzen du, ez da zerutik behera berez etorriko. Beraz, denok lanera".

Eider Alkorta (politologoa)

1. "Armagabetzea berri ona da. Bost urte pasa dira ETAk bere jardun armatua uzten zuela adierazi zuenetik, eta ziurrenik, ez zen espero hainbeste denbora pasatzea, baina tira, azkenean modu honetan emango zela iradokitzea ere zaila zen. Espainiako Estatuak armagabetzea oztopatu du, eta kontakizunaren batailak izango du eraginik. Armagabetzearen atarian eragile ezberdinek esandakoek horixe baieztatzen dute; armagabetzeaz haratago, armagabetzeaz bakoitzak egiten duen irakurketak zer nolako garrantzia duen. Behin eta berriro errepikatzen da garaile eta garaituen eskema gainditzearen beharra, baina azken egunotan inork gutxik saihestu du garailearen irudi hori bereganatzea. Ireki berri den fasean, kontakizuna edo errelatoaren batailak pisu handia izango du".

2. "Orain gatazkaren ondorioei heltzea dagokie eragile eta instituzo ezberdinei. Atzokoa fase baten amaiera bezala uler daiteke, baina oraindik luze joko du dimentsio honetako gatazka baten zauriak mantso orbaintzen dira eta. Halere, espetxe politika edota presoen auziari heldu beharko zaio lehenbailehen. Eusko Jaurlaritzaren Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planaren ardatzetako bat horixe da, hain zuzen ere, biktimak eta iraganari buruzko gogoeta kritikoarekin batera. Espero dezagun, presoena, behin eta berriro atzeratzen den auzia ez izatea, azken bost urte hauetan ikusitako inpas egoera gainditzeko ordua iritsi da".