Gogorra bezain polita eta gorabeheratsua izan da Azpeitia eta Hazparne oinez lotzeko laugarren etapa

Uztarria.eus 2017ko api. 10a, 12:00

Joan den zapatuan, hilaren 8an, egin zuten Azpeitia eta Hazparne oinez lotuko dituen sei ibilaldien egitasmoko laugarren etapa. Hondarribiatik Sarara artekoa. Iragarri bezala, egun eguzkitsua izan zen, eta horrek zenbait gorabehera eragin zituen ibilaldian zehar.

126 lagunek 07:30ean hartu zuten autobusa anbulatorio aurrean, Azpeititik Hondarribiara joateko. Behin hara iritsitakoan, Hazparneko 40 lagun inguru batu zitzaizkien azpeitiarrei. 09:45 inguruan ekin zieten ibiltzeari. Hendaiako kaleetan zehar. Ibilbidean aurrera, Biriatura iritsi ziren. Xoldokagaina iristearekin batera agertu ziren aurreneko malda gogorrak, eta jendeak hori antzeman zuen. Taldeko hiru lagunek ezin izan zuten Xoldokagainako maldekin, eta inguru hartan gelditu behar izan zuten, laguntzarekin jaso zituzten arte.

Gainerako partaideek Ibardineruntz jarraitu zuten, Xoldokagaina eta Mandale tontorren artetik pasata. Hazparneko lagunek prestatua zuten mokadutxoaz gozatu ostean, taldeak banatu ziren. Partaideetako batzuk Baionara joan ziren, ETAren armagabetze ekitaldira. Beste taldekide batzuk, berriz, autobusez Sarara itzuli ziren, etaparen erdia eginda.Gainerakoek Sarara arte gelditzen ziren 14 kilometroak egiteari ekin zioten. GR-10 bideari jarraituta Larrun azpian kokatu ziren, eta ondoren hasi ziren eguneko maldarik gogorrenak igotzen.

Aurrena Yasolako bentara igo ziren, eta behin mada batzuk igota, partaideek egindako esfortzua nabaritzen zuten. Eguna ere oso eguskitsua izaten ari zen, beroa…

Eguneko bigarren otordua Larrun mendiko lepoa egin zuten, malda oso gogorak gainditu eta gero. Taldeko zenbait lagunek kalanbreak, bizki igoerak, deshidratazio sintomak… nabari zituzten. Zenbait lagun errekuperatu zen igoerako esfortzutik. baina pare batek ezin izan  zuten ibilbidea amaitu. Egin beharreko deiak eta tramiteak egin ostean, artatuak izan ziren. Gainerako taldekideak 20:00 - 20:15 inguruan iritsi ziren Sarara. Bertan gainerako lagunekin bildu eta Azpeitirako autobusa hartu zuten.

Honakoak Lagun Onak Mendi Bazkunako kideek ateratako argazkiak dira. Irudi gehiago, hemen.