Garaiko tendentziak eta herriko denden eskaintza, Bertanen moda desfilean

Uztarria.eus 2017ko api. 9a, 23:08

Bigarren urtez jarraian, moda desfilea egin du gaur, apirilak 9, Azpeitiko Bertan Merkatari Elkarteak, Sanagustin kulturgunean. Kanpoan eguraldi bikaina eginagatik ere, jendetza hurbildu da Sanagustinera, herriko merkatariek prestatutako desfileaz gozatzera. Ordu eta erdi inguru iraun du desfileak, eta Olatz Pratek egin ditu aurkezle lanak. Bertaneko hamabi saltokik eta adin guztietako 60 modelok hartu dute parte gaurko egitasmoan, Bertan bizi, bertan erosi lelopean.

Modan zein tendentzia dauden azaldu dute gaurko desfilean, eta herriko dendek duten eskaintza erakutsi dute. Horrez gain, hainbat sorpresa ere izan dira. Desfileak bi zati izan ditu, eta atsedenaldian Ane Jurado abeslari azpeitiarrak hiru kantu abestu ditu, giroa goxotzeko. Bestalde, Xaxarki dendak hainbat opari banatu ditu ikusleen artean, eta Bertanek 100 euroko erosketa bonoa zozkatu du moda desfilera bertaratu diren herritarren artean, merkatari elkartearen saltokietan gastatzeko.