Korporazio irudia eta webgunea berritu ditu Udalak

Uztarria.eus 2017ko api. 7a, 19:24
Estitxu Elduaien zinegotzia, Josu Labaka zinegotzia eta Mari Piris Elkarmedia enpresako kidea. (Julene Frantzesena/Urola Kostako Hitza)

Webgunea mugikorrerako egokituta egoteaz gain, APPa ere sortu dute. Azpeitiko Udala Denon Artean da marka berriaren izena. Udal ordezkariek arabera, "hobekuntza" nabarmenak egin dituzte webgunean.

Azpeitiko Udalak webgunea eta korporazio irudia berritu ditu. Gainera, webgunea mugikorrerako egokituta egoteaz gain, APPa ere sortu dute, eta Elkarmedia enpresak egin ditu berritze lan horiek. Udalaren berri izan nahi duenak aplikazioa gailu elektronikoetara jaitsi besterik ez duela azaldu dute udal ordezkariek. Estitxu Elduaien zinegotziak azaldu duenez, "hobekuntza nabarmenak" egin dituzte webguneko informazioa eta haren irudia zaharkituta zeudelako.

Korporazio irudiari dagokionez, berriz, irudia berritu eta eta izena egokitu dute. Hala, Azpeitia Udala aldatu, eta Azpeitiko Udala izena jarri diote. Josu Labakaren arabera, aldaketa egin dute "azpeitiarrena ere badelako udala". Lan egiteko modua korporazio irudira ekarri nahi izan dutela azaldu du hark, eta Denon Artean prozesu parte-hartzaileen izena ere erantsi diote markari. Hala, Azpeitiko Udala Denon Artean da marka izen berria. Labakak esan duenez, "zer eta nola egiten den" horretan jarri dute arreta. "Udal mahaiak sortu eta eragileak saretu ziren lehenengo, eta gaur egun herritarrekin aritzen gara lanean herriko proiektu ia guztietan. Edozein proiekturen baitan biltzen gara auzotarrekin, eragileekin… eta Azpeitia denon artean egiten dugun bezala, udala ere denon artean egiten dugu", esan du. Labakak dio herritarrek ere parte-hartzeko ariketa egiten dutela, udalean egiten duten moduan: "Errekonozimendu hori egiteko ere aprobetxatu nahi dut, herritarrak direlako parte hartzearen protagonista, eta bileren bidez-eta herria hobetzeko lan asko egiten dutelako".

Berrikuntza horiek egitearen xedeak, batez ere, bi direla azpimarratu du Elduaienek. Batetik, gardentasuna bermatu nahi izan dutela azaldu du; eta, bestetik, herritarrentzat webgune erabilterrazagoa egin nahi izan dutela jakinarazi du. "Webgunea eta erreminta telematikoek eta digitalek geroz eta garrantzia handiagoa dute, eta udalean ere hasi gara pausoak ematen". Hark esan du udalaren webgunea zaharkituta zegoela, eta egin dituzten aldaketekin, informazioa ordenatu, bilatzeko errazago jarri eta webgunea ikusgarriago egin dutela. "Erabilterrazagoa da, eta, horrez gain, herritarren zerbitzurako tresna egokia eta udalaren gardentasuna erabatekoa izan dadin bideak jarri ditugu", azaldu du Elduaienek.

Labakak ere ildo beretik hitz egin du: "Webgunea berritu dugu udalaren zereginetan eta kontuetan gardentasuna izateko, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuen hobetzeko eta parte-hartzerako kanala izateko. Hiru ideia horien bueltan ari gara lanean egunero, eta webgunea ere lan ildo horietara bideratu beharra ikusi dugu".

Udal tramite guztiak webgunean

Oraindik udal tramite guztiak on line egin ezin badira ere, hori lortzeko bidean, urratsak egin dituztela azaldu du Elduaienek. Hark azaldu du tramite guztiak Internet bidez egiteko aukera 2018. urtearen erdi aldera eskainiko dela legez, baina udal barruko tramite guztien gida sareratu dute dagoeneko. “Tramite guztiak aztertu ditugu, eta herritarrei horiek egitea errazteko ahalegina egin dugu, sareratuta. Oraingoz, ezin dira tramite guztiak on line egin, baina horretarako prestatzen ari gara. Oraingoz, tramite guztiak nola egin pausoz pauso jaso dugu webgunean, eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren gaineko informazioa ere bildu dugu bertan”, esan du Elduaienek. Hark azaldu duenez, "herritarrei erraztasunak" eskaintzea da tramiteak sareratzeko urratsak egitearen helburua.

Hark azaldu du epe laburrean hainbat aldaketa egingo dituzte, eta 2018a bukatzerako udal tramite oro on line egin ahal izango dela. "Zerbitzuen arloko hobekuntza nabarmena izango da, eta horretarako prestatzen ari gara. Herritarren arreta hobetzeko leihatila bakarra ezartzeko prozesuan ere sartuta gaude".