Karmelo Etxegaraiko ikasleak eta ISBko jokalariak, bostekoa emanda

Uztarria.eus 2017ko api. 7a, 16:23
Karmelo Etxegaraiko ikasleak eta ISBko jokalariak. (Karmelo Etxegarai)

Saio ezberdinak egin dituzte ikasleek ingelesa praktikatzeko helburuarekin. Aurtengoa, Batekoa, bikoa, hirukoa! Eman bostekoa! One point, two points, three points! Give me five! egitasmoa abiatzen duten bigarren urtea da. 

Ikasleek ingelesa praktikatzea xede, Batekoa, bikoa, hirukoa! Eman bostekoa! One point, two points, three points! Give me five! egitasmoa abiatu zuten Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Iraurgi Saskibaloi Taldeak, iaz. Aurtengoan ere, iazkoaren arrakasta ikusita, martxan jarri dute. Hala, hainbat astetan zehar, ingelesez mintzatzen diren ISBko jokalariak Karmelo Etxegaraiko LH5eko eta LH6ko ikasleekin elkartu dira eskola orduetan, eta zaio ezberdinak egin dituzte ingelesa lantzeko.

Aurreneko saioetan saskibaloi jokalariek euren ibilbide pertsonalaren berri eman diete Karmelo Etxegaraiko ikasleei, eta horiek galderak egin dizkiete Azpeitira etorritako jokalariei. Bigarren saioa, berriz, saskibaloiaren bueltan egin dute. Hau da, jolastokira irten, eta kirol horri lotutako hiztegia eta arauak landu dituzte, besteak beste.