Lortutako markekin gustura daude maratoi erdiaren antolatzaileak

Urola Kostako Hitza 2017ko api. 7a, 13:45
XXIV. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren irteera. (Ihintza Elustondo)

Aurtengo munduko maratoi erdi azkarrenen artean kokatu da Diego Garcia zenaren oroimenezko Azkoitia-Azpeitia lasterketa.

Joan den larunbatean jokatu zen XXIV. Azkoitia-Azpeitia lasterketaren antolatzaileak gustura azaldu dira, atletek lortutako markei esker munduko maratoi erdi azkarrenen artean kokatu baita Diego Garcia zenaren oroimenezkoa.

Hain zuzen ere, Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAAF) osatzen duen sailkapenean, 2017­an orain arte egin diren maratoi erdien artean, gizonezkoen mailan 11. tokian ageri da Azkoititik Azpeitirakoa, eta emakumezkoen mailan 12.ean; irabazleen denborak aintzat hartuta, bietan ere. Maratoi erdiko lasterketetan urtea hasi denetik gaurdaino mundu osoan zehar egindako marka guztiak kontuan hartuta, berriz, Loiolako helmugan aurrena izan zen Joseph Kiptumena da 25. onena gizonezkoetan, eta Desi Jisarena 30.a emakumezkoetan.

Eliteko atleten kontrataziorako dirua murriztu behar izan du Azkoitia-Azpeitiak, eta askoz aurrekontu potoloagoekin lan egiten duten probez inguratuta ageri da IAAFen zerrendan. "Paris, Bartzelona edo Santa Polako (Alacant, Herrialde Katalanak) maratoi erdien aurretik geratu da gure lasterketa gizonezkoetan. Emakumezkoetan, berriz, 12. lasterketa azkarrena da, Lisboa eta Santa Polaren aurretik", nabarmendu du antolakuntza taldeko Agustin Jimenezek.

 Albistea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean