Hazparneko margolariek beren artelanak ekarri dituzte Azpeitira

Uztarria.eus 2017ko api. 7a, 14:36
Hazparneko sei margolariak, Aitor Bereziartua zinegotzia, Aitor Bengoetxea Kulturazeko kidea, hainbat azpeitiar eta erakusketa prestatzen laguntzera etorri ziren hazpandarrak, erakusketa aurrean.

Sei hazpandarren margolanak ikusgai jarri dituzte Sanagustin kulturgunean. Atzo aritu ziren erakusketa prestatzen, eta gaurtik zabalik izango da. Azpeitia eta Hazparneren senidetzaren 30. urteurrenaren harira prestatu dute erakusketa. 

Urteetan zehar egindako margolanak Azpeitira ekarri dituzte Hazparneko sei artistek, eta erakusgai jarri dituzte Sanagustin kulturgunean. Atzo, osteguna, aritu ziren prestaketa lanetan, beste hainbat hazpandarrekin batera, eta erakusketa zabalik izango da gaurtik aurrera Sanagustinen. 

Guztira, sei artistek ekarri dituzte beren lanak Azpeitira. Lorentxa Beyren, Loyatho Benaten, Mattin Partarrieuren, Dardel Beatriceren, Christine Etcheniqueren eta Irkus Roblesen margolanak dira kulturgunean ikus daitezkeenak. Artista bakoitzaren artelanak oso ezberdinak dira beraien artean, eta hori azpimarratu zuten atzo.

Aurten 30 bete dira Azpeitia eta Hazparne senidetu zirenetik, eta urteurrenaren harira antolatu dute erakusketa. Aurrerago, Azpeitiko hainbat margolari joango dira hara beraien lanak erakustera, esposizio bateratu batekin.