Bihar irekiko da Txertatu Merkatuan programan izena emateko epea

Uztarria.eus 2017ko api. 6a, 16:56
Txertatu Merkatuan programako parte-hartzaileak, eta Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako udal ordezkariak.

Maiatza aldera abiatuko dute egitasmoa. Oinarrizko prestakuntza-maila duten eta langabezi egoeran dauden 17-30 adin tarteko gazteei zuzendutako proiektua da Txertatu Merkatuan, eta helburua da pertsona bakoitzaren motibazioa lortzea eta autoestimua areagotzea.

Txertatu Merkatuan programaren bigarren edizioan izena emateko epea bihar, ostirala, zabalduko dute. Iraurgi Berritzenek kudeatzen du egitasmoa, eta oinarrizko prestakuntza-maila duten eta langabezi egoeran dauden 17-30 adin tarteko gazteei zuzenduta dago. 

Egitasmoaren xedea da Urola Erdiko gazte langabetuei lanerako aukerak eskaintzea eta gazte horien motibazioa zein autoestimua areagotzea. Horretarako, bi fasetan banatzen dute programa: Egokitu eta Trebatu. 

Egokitu fasean, eguneroko jakintzetatik abiatuta, lan-profil bat eraikitzea dute xede. Langabezian dauden eta esperientziarik ez duten pertsonen ezkutuko gaitasunak eta lan-trebetasunak identifikatu eta balioztatu nahi dira, enpresek erabiltzen duten lan- hizkuntzara egokitzeko.Trebatu fasean, berriz, lan-errealitatea ezagutzeko lehen pausoa ematen dute Txertatu Merkatuan programan hartzen dutenek. Hala, gaitasun teknikoetan prestatzeko tailerrak jasotzen dituzte. Horrez gain, eskualdeko enpresetan praktikak egiteko aukera izaten dute partaideek.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020ko Gazte Enplegurako Programa Operatiboan kokatzen da proiektua, eta Europako Gizarte Funtsak finantzatzen du % 91.89an, Garapen elkartearen eta eskualde-garapeneko 19 agentziaren parte- hartzearekin eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin. Urola Erdian, Iraurgi Berritzen arduratzen da egitasmoa kudeatzeaz.

Izena eman nahi dutenek sfernandez@iraurgiberritzen.eus helbidera idatzi edo 943-85 11 00 telefono zenbakira deitu dezakete.