Udazkenean ezarriko dute txipdun edukiontzien zabor bilketa sistema

Urola Kostako Hitza 2017ko api. 5a, 19:23
Gaur egun Azpeitian diren edukiontziak. (Julene Frantzesena)

Organikoaren eta errefusaren edukiontziek izango dute txipa. Lehiaketara aterako dute edukiontzien erosketa. Atzoko udalbatzarrean kreditu aldaketa egin zuten ontziak erosteko.

Datorren udazkenean jarriko du udalak martxan hondakinak biltzeko sistema berria. Hain zuzen ere, 2016ko uztaileko ohiko udalbatzarrean EH Bilduk eta EAJk erdietsi moduan, txipdun edukiontzien bidezko bilketa sistema ezarriko dute herrian.

Atzoko udalbatzarrean erabaki zuten udalean ordezkatuta dauden bi alderdiek edukiontzi berriak erosteko kreditua aldatzea, Aitor Bereziartua zinegotziaren arabera, "ontzien entregatze data luzeagatik eta kontua luzatzen ari zelako". Hark azaldu du albo zama duten lau edukiontzi mota eskatuko dituztela: "Paperarenak, ontzi arinenak, errefusarenak eta organikoarenak". Bereziartuak esan du 2017ko udal aurrekontuetan ez zeudela jasota inbertsio horiek, eta horretarako egin dutela kreditu aldaketa. "Orain ontzi horiek erosiko ditugu, eta, gero, industria bilketakoak-eta".

Aldaketa hori eginda, edukiontziak erosteko lehiaketa zabalduko dute. Aurki jarriko du udalak horri dagokion iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO), eta nahi duten enpresek eskaintzak aurkeztu ahal izango dituzte. Bereziartuak azaldu du lehiaketaren prozesua eta edukiontziak herrira iristeko behar duten denbora kontuan hartuta, lauzpabost hilabete igaroko dituztela sistema berria martxan jartzerako. "Abuztua tartean dago, eta iraila bukatzerako-edo jarriko dugu martxan".

Bereziartuak azaldu duenez, hilabete hauek sentitsibilizazio kanpainak eta ikastaroak eskaintzeko aprobetxatuko dituzte. "Txipa nola erabili irakatsiko diegu herritarrei, eta gaiarekiko sentsibilizatu beharko ditugu herritarrak. Beraz, sistema ezarri aurretik egiteko lanak baditugu". Zinegotziak azaldu duenez, baina, herritarrei aurrerago jakinaraziko dizkiete egingo dituzten urratsak.

Joan den urteko uztaileko udalbatzarrean jakinarazi zutenez, aurtengo urtarrilean jarri nahi zuten martxan hondakinak jasotzeko sistema moldatua, baina ez da hala izan. Bereziartuak dio horretan eragin duela inguruko herrietan zabor bilketa sistemei dagokienez hartu dituzten neurriek.