Bihar amaituko da 'Azpeitia-Hazparne. 30 Urte, bi herri pausoz pauso' egitasmoko laugarren etapako izen-ematea

Uztarria.eus 2017ko api. 5a, 19:19

Azpeitia-Hazparne. 30 urte. Bi herri pausoz pauso egitasmoko laugarren etapan izena emateko epea bihar, osteguna, amaituko da. Izena eman nahi dutenek, orain arteko txangoetan bezala, Lagun Onak Mendi Bazkunaren elkartean edo webgunean egin dezakete.

Zapatuan, apirilaren 8an, egingo dute laugarren ibilaldia, eta Hondarribiatik Sarara artekoa izango da. Lagun Onak M.Bk aurreratu duenez, 30 kilometro inguru izango ditu. Irteeran parte hartuko duten lagunak 07:30ean irtengo dira Azpeitiko anbulatoriotik Hondarribiara, autobusez. Behin hara iritsitakoan, txalupaz Hendaiara joango dira, eta bertan ekingo diote ibilbideari. Biriatu aldera igaroko dira ondoren, eta handik Ibardingo mendatera igoko dira. Behin hara iritsita, Sarara joango dira GR-10 bideari jarraituta.

Ibilaldian parte hartu nahi dutenek ibilbide erdi egiteko aukera izango dute, Hondarribiatik Ibardingo mendatera arteko zatia edo hortik Sarara artekoa. Horrez gain, Baionara ETAren armagabetze ekitaldira joateko aukera izango dute txangoa egin eta hara joan nahi duten herritarrek. Horretarako, Ibardinen utzi beharko dute ibilbidea, eta ondoren autobusa hartu.

Oraingoz, arrakasta izaten ari da Azpeitia eta Hazparne oinez lotuko dituen sei ibilaldien egitasmoa, eta Lagun Onak Mendi Bazkunako kideak "gustura" daude. Hala ere, herritarrak animatu nahi dituzte datozen hiru ibilaldietan parte hartzera.