Moda desfilea antolatu du Bertanek iganderako

Uztarria.eus 2017ko api. 5a, 10:11
Moda desfilean parte hartuko duten saltokietako ordezkariak Plaza Txikian. (Julene Frantzesena)

18:00etan hasiko da ekitaldia Sanagustin kulturgunean, eta herriko 13 saltokik parte hartuko dute bertan. 10 urtetik gorakoek bi euro ordaindu beharko dute sarrera, eta, gainerakoek, euro bat. 100 euroko erosketa bono bat zozkatuko dute bertaratzen diren herritarren artean.

Bertan Azpeitiko merkatarien elkarteak moda desfilea antolatu du datorren iganderako, apirilaren 9rako. 18:00etan hasiko da ekitaldia Sanagustin kulturgunean, eta herriko 13 saltokik parte hartuko dute bertan. Aurten, gainera, antolaketan KAI elkartearen laguntza izan du Bertanek, eta hilabeteotan haiekin egindako elkarlana azpimarratu dute elkarteko ordezkariek, "esfortzu handia delako horrelako ekintza bat osatzea". Guztira, 60 modelo izango dira pasarelan, hala nola haurrak, gazteak nahiz helduak.

"Bertan bizi, bertan erosi" filosofiarekin lotuta antolatu dute desfilea, eta Bertanekoek azaldu dutenez, "herritik eta herriarentzat" egindako desfilea izango da. "Herritik, bertako jendearen parte hartzea izango dugulako, eta herriarentzat, bertakoei zuzendutako ekintza izango delako". Elkarteko ordezkariek azaldu dutenez, desfilean ez da musikarik, umorerik eta kulturarik faltako. Horren erakusle da, Olatz Prat kazetari eta abeslariak gidatuko duela ekitaldia, eta atsedenaldietan Ane Jurado bakarlari azpeitiarra izango da oholtzan.

10 urtetik gorako herritarrek 2 euro ordaindu beharko dute desfilerako sarrera, eta euro bat gaineakoek. Ondoren, bertaratzen diren herritarren artean zozketa bat egingo dute, eta desfilean parte hartzen duten dendetan gastatzeko 100 euroko erosketa bono bat irabazi ahalko dute horiek.

Herriko saltoki hauek erakutsiko dituzte beren produktuak eta zerbitzuak desfilean: Babesa Gazte Moda, Zuri-Beltz, Ilargi, Kukua, Biur, Amelie, Arantxa haur jantziak, Haurtxoa, L. Xaxarki, Koket, Pipes, Luix Beltza eta Prest tindategia. Desfilearen gunea egokitzeko eta dekoratzeko lanak Naiara Larrañagak eta Kimu Batek egingo ditu.

Bertaneko kideek eskerrak eman dizkiete desfilea antolatzen lagundu dute erakunde eta norbanako guztiei, modelo lanetan ariko direnei, Bilboko Armengol ile apainketa eta estetika zentroari, Sanagustin kulturguneari, Azpeitiko Udalari eta KAI elkarteari.