Apirilaren 22ra atzeratu dute 1766ko matxinadaren inguruko ibilaldi gidatua

Uztarria.eus 2017ko api. 3a, 13:34

Azken orduko arazoak tarteko atzeratu dute bisita gidatua. Plazak agortuta daude, eta izen-ematea itxita dago.

Hilaren 22ra atzeratu dute zapatuan, apirilaren 8an, egitekoak ziren 1766ko matxinadaren inguruko bisita gidatua. Azken momentuko arazoak tarteko erabaki dute data atzeratzea antolatzaileek.

Iaz 250 urte bete ziren Gariaren Matxinada izan zenetik Azpeitian eta Azkoitian. Ordutik, hainbat saiakera egin dira gertaerari buruzko datuak artxibategietako ilunpetik atera eta herritarrengana iristeko; tartean, matxinadaren inguruko ibilaldi gidatua. 

Azpeitiko Kultur Mahaiak, Azpeitiko Udalak eta Maxixatzen Euskara Elkarteak antolatuta, hilaren 22an 1766ko matxinada gertatu zen tokietatik ibilaldi gidatua egingo dute, 10:00etatik 12:00etara. Matxinadak izan zuen ibilbide fisiko bera errepikatuko dute ibilaldian: Azkoitian dagoen Egurbideko olatik abiatu, eta Azpeitiko 1766 Matxinada kalean amaituko da. Olatz Arangurenek gidatuko du ibilaldia. 

Izen-ematea itxita

Bisita gidatuaren data aldatu badute ere, izen-ematea itxita dago. 30 pertsonak eman zezaketen izena egitasmoan parte hartzeko, eta dagoeneko amaitu dira plazak.