Joseph Kiptumek eta Desi Jisak irabazi dute XXIV. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia

Uztarria.eus 2017ko api. 1a, 22:05
Desi Jisa helmuga gurutzatzen. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko inoizko bigarren denborarik onena egin du.

1:00:37 izan da gizonezkoetako garailearen marka, eta 1:09:25 egin ditu lehen emakumezkoak, lasterketako historian bigarren denborarik onena. Elena Loyo gasteiztarrak, berriz, maratoi erdiko Euskadiko errekorra hautsi du Loiolako etorbideko helmugan. Ander Sagarzazu donostiarrak eta Marisol Ramos oñatiarrak jantzi dituzte Gipuzkoako txapelak, eta Asier Cuevas eta Nerea Azpiazu izan dira azpeitiarren artean azkarrenak.

Joseph Kiprono Kiptum keniarra (1:00:37) eta Desi Jisa bahraindar sortzez etiopiarra (1:09:25) izan dira gaur arratsaldean jokatu den XXIV. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko irabazleak. Euriari eta haizeari aurre egin behar izan diete korrikalariek, ez dute lasterketako markarik ondu, baina Jisak probaren historiako bigarren denborarik onena lortu du; Elena Loyo gasteiztarrak, berriz, Euskadiko errekorra egin du. Titus Kipjumba Mbishei keniarrak (1:01:03) eta Elias Kibret Mola etiopiarrak (1:03:22) osatu dute gizonezkoen podiuma; eta Stacy Jepkemoi Ndiwa (1:10:09) eta Beatrice Mutai (1:10:38) keniarrek, berriz, emakumezkoena. Azkenean, 867 atletak zuten izena emana maratoi erdirako, 766 gizonezkok eta 101 emakumek.

Maratoi erdiko Gipuzkoako txapelketa ere jokoan izan da gaurko lasterketan eta hor azkarrenak izan dira Ander Sagarzazu donostiarra (1:07:52) eta Marisol Ramos oñatiarra (1:27:07). Azpeitiarren artean, berriz, Asier Cuevas (1:10:41) eta Nerea Azpiazu (1:32:27) izan dira aurrenak.

Lasterketa nagusiaren aurretik egin den proba laburrean, berriz, Getxoko Ivan Arrate (00:26:30) eta Marina Vicente baztandarra (00:32:03) izan dira azkarrenak. Aurten ez da patinatzaileen lasterketarik egin.