Merkaurola izeneko egitasmoa jarri dute abian Azpeitiko Bertan, Azkoitiko Herrixen eta Zestoako Zestoan merkatari elkarteek, udalen babesarekin eta Iraurgi Berritzenekin elkarlanean, Urola Erdiko kontsumitzaileen erosketa ohiturak ezagutzeko eta, datuak eskutan, ondoren eskualdeko merkataritza estrategia definitzeko xedearekin.
Kontsumo ohiturak ezagutzeko, aste honetan hasita mila laguni galdeketa egingo die Bizilan enpresak; Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako, Aizarnazabalgo, Beizamako eta Errezilgo bizilagunen artean egingo dituzte galdeketak. Kontsumo ohituren, erosketa lekuen eta gure herri guneetako merkataritzaren gaineko galderak egingo dizkiete herritarrei.
Azterketa "ezinbestekoa"
Egitasmoa bultzatu duten merkatari elkarteek diote "ezinbestekoa" dela azterketa egitea, "kontuan izanik kontsumitzaileen ohiturak aldatuz doazela". Horregatik, herritarrei eskatu diete "etxean deia jasotzen badute, erantzuteko, gure txikikazko merkataritza indartu dezagun".