Bisitariak herrigunera erakartzeko asmoz, tren turistikoa izango da apirilaren 13tik 16ra bitartean

Uztarria.eus | Udala | Artikulua
2017-03-31 12:34

Tren turistikoa orduero abiatuko da Perez Arregi plazatik, 11:00etan hasi eta 19:00ak bitartean. Loiolako Basilikatik ere  orduero abiatuko da; 11:30ean izango da geltoki horretako lehen trena, eta 19:30ean azkenengoa. Eneko Etxeberria alkateak azaldu duenez, turistek "herrian bertan kontsumitzea, bertako zerbitzuak kontratatzea edo herriko kultur-eskaintzara hurbiltzea" da zerbitzuaren helburua. 

Udal ordezkariak txu-txu trenaren zerbitzuaren aurkezpenean.  Ikusi haundiago | Argazki originala

"Loiolaren eta Azpeitiko herrigunearen arteko lerroa sendotzeko asmoz", txu-txu trenaren zerbitzua eskainiko du Udalak lau egunez, apirilaren 13tik 16ra bitartean. Turistak Loiolatik herrira erakartzeko estrategia gisa iragarri dute Udal ordezkariek tren turistikoa. Eneko Etxeberria alkateak azaldu duenez, turistek "herrian bertan kontsumitzea, bertako zerbitzuak kontratatzea edo herriko kultur-eskaintzara hurbiltzea" da asmoa, besteak beste. 

Tren turistikoa orduero abiatuko da Perez Arregi plazatik, 11:00etan hasi eta 19:00ak bitartean. Loiolako Basilikatik ere  orduero abiatuko da; 11:30ean izango da geltoki horretako lehen trena, eta 19:30ean azkenengoa. Bi toki horien artean, beste bi geltoki egiteko aukera izango dute bisitariek: bata, edozein ordutako trenak egingo duena, herriko plaza nagusian; eta, bestea, 12:00etako trenean soilik, Loiolako Igara errotan izango dena. Trenean nahi den orduan ibiltzeko egun osoko txartelak euro bateko kostua izango du. Gida bat izango da trenean, eta bisitaldia erabiltzaileen eskaeren arabera moldatuko du hark. 

Tren turistikoa martxan jartzearekin batera, Magdalenako ermita eta Soreasuko Sebastian Donearen parrokia zabalik izango dira bisitaldiek irauten duten bitartean. "Loiolaz gain, herrian dauden interes guneak indartzea da helburua", Alaitz Aguado Alde Zaharreko turismo bulegoko arduradunaren arabera. Agustin Lizarralde zinegotziak azaldu duenez, zerbitzua ez da "urrutiko turistentzat bakarrik" eskaini nahi. Haren arabera, "Urola bailarako herritarrek ere izango dute Azpeitiko ibilbide turistikoa ezagutzeko aukera ". 

"Loiola indar handiko gune turistikoa da. Urtero, bertako bisita kopurua handitzen doa. Baina, hala ere, bada arazo bat: Loiola bisitatzera hurbiltzen diren turistak ez dira Azpeitiko herrigunera eta Alde Zaharrera gerturatzen", azaldu du Eneko Etxeberria alkateak. Arazo horri aurre egiteko estrategia bezala proposatu dute Udal ordezkariek txu-txu trena. "Turistek trena izango dute zain Loiolan; eta horrekin, prezio merkean herrira gerturatzeko aukera, bertan geltokiak egin, eta herrian bertan tarte bat igarotzekoa".

Sansebastianak eta inauteriak, proba gisa

Herritarrek eta turistek tren turistikoaren aurrean zuten jarrera ikusi nahian, sansebastianetan eta inauterietan izan zen lehen aldiz txu-txu trenean ibiltzeko aukera. Udaleko ordezkariek azaldu zutenez, "izugarria" izan zen jendearen erantzuna. Udaleko datuen arabera, sansebastianetan, 900 lagunetik gora ibili ziren trenean sei orduan.   

 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa