Carmen Garcia: "Askotan, herritarrek Diego miresten jarraitzen dutela sentitzen dugu"

Urola Kostako Hitza 2017ko mar. 30a, 16:26
Diego Garciaren arreba Carmen eta iloba Oihane. (Julene Frantzesena)

Etzi jokatuko da Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren XXIV. edizioa. Data hurbiltzen ari den honetan, urteroko legez, "urduri" eta "hunkituta" daude Diego Garcia zenaren senitartekoak.

Hainbat lasterkari hartuko dituzue etxean.

Hamasei urte dira Diegoren lagunak etxean hartzen hasi ginela. Ostiraletik igandera hemen izango dira Alejandro Gomez, Juan Antonio Crespo eta Alberto Juzgado, beren senitartekoekin.

Zer da zuentzat Diegoren lagunak etxean hartzea?

Urduritasunez eta emozioz bizi ditugu egun hauek. Izan ere, Diegoren lagunak dira. Diego gurekin dagoela sentitzen dugu.
Lasterketa hasi aurretik omenaldia egiten dizuete… Oso gaizki pasatzen dut, urduri jartzen bainaiz. Baina zirraragarria izaten da oso. Irteteko tiroak berak hunkitu egiten ninduen, eta, orain, aurreskuarekin…

Diegoren oroimena bizirik mantentzea lortu du Azkoitia-Azpeitiak.

Bai, eta harro gaude horretaz. Gainera, ez da egun jakin batzuetako kontua, urte osoan zehar ere, jendeak gogoan izaten du. Anaiaren eskultura ere hor dago, hil zen tokian, eta jende askok ukitu egiten du handik pasatzean. Gauza horiek guztiak hunkigarriak dira. Askotan, herritarrek Diego miresten jarraitzen dutela sentitzen dugu.

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean