Eliteko atletekin solasean

Uztarria.eus 2017ko mar. 30a, 13:45

Datorren zapatuan, apirilaren 1ean, izango da XXIV. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, eta dagoeneko ari dira iristen lasterketan parte hartuko duten eliteko atletak. Gaur, osteguna, punta puntako korrikalariekin solasean aritzeko tartea hartu dute Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Iraurgi Ikastetxeko eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko LH6ko ikasleak. 

11:00etan zuten jarrita hitzordua Sanagustin kulturgunean, eta bertan elkartu dira ehundik gora ikasle zapatuan dena emango duten korrikalariekin. Aurrena, Diego Garciaren bizitzaren inguruko bideo labur bat ikusi dute, hura pixka bat gehiago ezagutzeko. Horrez gain, Agustin Jimenez Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko antolatzaileak, Garciaren lorpenen berri eman die kulturgunera hurbildu diren ikasleei, eta Diego Garciaren pertsona goraipatu du, haren umiltasuna azpimarratuz. Hitzorduari amaiera emateko, Keniatik eta Etiopiatik etorritako atletei hainbat galdera egin eta beste horrenbeste kuriositate galdetu dizkiete herriko gaztetxoek.