225 etxe behar dira Azpeitiko etxebizitza premia asetzeko

Uztarria.eus 2017ko mar. 30a, 14:21

Azpeitiko Udalak egindako azterketaren arabera, guztira 371 herritarrek dute etxebizitza premia asetzeko beharra. Etxebizitzaz aldatzeko premia duten familiak, aldiz, 110 inguru dira. Herritar gehienek babes ofizialeko etxeetarako eredu mistoa eta alokairua hobesten dute.

Azpeitiarren etxebizitza premia asetzeko 225 etxe beharko lirateke. Hala erakutsi du Azpeitiko Udalak herritarren etxebizitza beharra aztertzeko egindako azterketak. Gainera, herritarren gehiengoak etxebizitza duina eta egokia izatea "oso garrantzitsua" dela uste du. Inkestan galdetutakoen %74,6ak, hain zuzen. Hala ere, galdetutakoen %33,1arentzat etxebizitza beharrarena ez da arazo larrienetako bat. 

371 dira etxebizitza eskuratze premia duten herritarrak, azpeitiarren %2,5. Horiek etxebizitza eskuratuz gero bizitzera norekin joango liratekeen kontuan hartuta, 108 etxebizitza beharko lirateke bakarrik bizitzeko asmoa adierazi duten gazteentzat, 78 bikotean biziko liratekeenentzat eta 39 lagunekin joango liratekeenentzat. Hala, 225 etxebizitza beharko lirateke eskuratze premia osoari erantzuteko. Bestalde, 110 inguru dira etxebizitzaz aldatzeko premia duten familiak, eta 5.524 familiek ez dute adierazi etxebizitza aldatzeko premiarik.  

Hutsik dauden etxeak merkaturatzeko Azpeitiko Udalak egindako lana "egokia" dela uste du inkestan parte hartu duten herritarren %44,1ak, eta ez du batere egoki ikusten galdetutakoen %8,7ak. Hala ere, galdetutako herritarren gehiengoak (%80 inguruk) Udalak etxebizitza alorrean esku hartu behar duela uste du.

Babes ofizialeko etxebizitzak errentan edo jabetzan eskaini beharko ote liratekeen galdetuta, gehienek errentan eskaini beharko liratekeela uste du, %54ak, hain zuzen. Aldiz, guztiak jabetzan egon behar dutela uste du %4,7ak. 

Administrazioak landu beharreko ildoak

Etxebizitzaren alorrean administrazioak landu beharreko gaien inguruan ere galdetu zaie herritarrei Udalak egindako inkestan. Gazteei begira, 5-10 urterako alokairu merkeko etxebizitzak sustatu beharko al liratekeen galdetuta, %53,2ak "ados" dagoela erantzun du, eta "oso ados" daudenak %43,4 dira. Aldiz, galdetutako herritarren %2,9 ez dago ados halako alokairuak bultzatzearekin. 

Bestalde, hala nahi duten gazteei begira, etxebizitza partekatzeko eskaintza antolatzea eta sortzea bultzatu behar al den galdetu zaie herritarrei, eta ideia horrekin ados agertu da galdetutako herritarren %51,5. Baina erabaki horrekin ez dago "batere ados" inkestan parte hartu dutenen %6a. 

Bakarrik bizitzeko zailtasunak dituztenentzat administrazioak etxebizitza tutelatuak bultzatzearekin "oso ados" agertu dira galdetutakoen erdia pasa, %55,5, hain zuzen. Oso txikia da proposamen horrekin batere ados ez daudenen kopurua, %0,7. 

Beharraren joera

Etxebizitza beharren txostenaren arabera, urteek aurrera egin heinean, 2008tik 2016ra, Azpeitian larritasuna galdu du etxebizitzaren arazoak, eta beste arazo batzuk larriagotu dira. Horrez gain, denbora tarte horretan laguntzak gehiengoaren artean banatzearen aldeko iritziak indartu dira. 

2008an Babes ofizialeko etxeen jabetzaren alde egiten zuten herritar gehienek, eta orain alokairuaren aldekoek hartu diete aurrea. Modu horretan, gaur egun eredu mistoa eta alokairua hobesten dute herritar gehienek. 

Iazko urrian hasi zen Udala etxebizitza beharren azterketarekin, eta bi bide erabili dituzte herritarren beharrak ezagutzeko. Alde batetik, Gaindegiaren (Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia) bidez Udalak dituen datuen kontrastea egin dute. Hala, datu objektiboak eta teknikoak aztertu dituzte. Bestetik, telefono bidezko inkestak egin dituzte ausaz aukeratutako 700 herritarrekin, horien beharrak eta iritziak zeintzun diren ezagutzeko.