Mikel Larrañagak eta Alex Txikonek itxi dute tratua, eta uztailaren 1ean jokatuko dute apustua

Uztarria.eus 2017ko mar. 29a, 23:01
Alex Txikon eta Mikel Larrañaga apustua itxi dutenean. (Julene Frantzesena)

Harri jasotzen 20 altxaldi, aizkoran Larrañagak hamabi eta Txikonek hamar kanaerdiko ebaki eta korrika 7,5 kilometro egingo dituzte. 6.000 euro jarri dituzte jokoan. Ordubete pasa behar izan dute bi aldeek apustua ixteko.

Ordubete pasako negoziazioaren ostean, itxi dute apusturako tratua Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak eta Alex Txikon mendigoizale lemoarrak. 19:00etarako zuten hitzordua jarrita Mendizabal erretegian, eta bi kirolariak hainbat lagunekin agertu dira apustuaren nondik norakoak negoziatzera. Ordubetetik gora behar izan dute tratua ixteko, eta, zenbait unetan akordiorik ez zuela erdietsiko bazirudien ere, adostu dituzte egin beharreko lanak, eguna zein ordua eta apustuaren zenbatekoa.

Uztailaren 1ean jokatuko dute lehia 19:00etan hasita, Azpeitiko zezen plazan. Lanak 20 altxaldi eginez hasiko dituzte. Ondoren, Larrañagak hamabi kanaerdiko eta Txikonek hamar kanaerdiko ebaki beharko dituzte. 7,5 kilometroko lasterketarekin bukatuko dituzte egin beharreko lanak. 6.000 euro izango dira jokoan, eta aurrez 1.000na euro jarriko dituzte, seinale gisa. Ebaki beharreko enborrak Txikonek jarriko ditu, baina, apustuaren egunean, bien artean erabakiko dute zeinek zeintzuk ebaki.

Negoziazio estua eta luzea izan da. Akordioa ixteko zailtasunak sortu zaizkie, Txikonek Larrañagari lasterka atera diezaioken abantaila agerikoa zelako mahaiaren alde batean zeudenentzat, eta Larrañagak mendigoizaleari aizkoran atera diezaioken aldea nabarmendu dutelako besteek.