Hasi dira iristen maratoi erdian ariko diren atleta afrikarrak

Uztarria.eus 2017ko mar. 29a, 19:59

Zapatuan, apirilak 1, jokatuko den XIV. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian parte hartuko duten atleta afrikarrak hasi dira iristen. Atzotik daude Loiola hotelean ostatu hartuta Titus Mbishei, Joseph Kiprono Kiptum eta Josephine Jepkoeh Kiby keniarrak, eta gaur-biharretan helduko dira gainerakoak. Sanagustin kulturgunean izan ziren atzo lasterkariak, maratoi erdiaren gaineko argazki erakusketa ikusten (argazkian).

Lasterketaren aurkezpenean iragarri zuten eliteko atleta zerrendan aldaketa batzuk egon dira. Horrela, azkenean, gizonezkoetan aipatutako Titus Mbishei eta Joseph Kiprono Kiptumez gain, Emmanuel Bor (Kenia) eta Elias Kibret Mola (Etiopia) lehiatuko dira zapatuko proban; emakumezkoetan, berriz, Josephine Jepkoeh Kibyk Beatrice Mutai, Leonidah Jemwetich Mosop eta Stacy Jepkemoi Ndiwa herrikideak, Bahraingo Desi Jisa eta Elena Loyo euskal herritarra izango ditu lehiakide.