Martxan da 'Gurean.eus', euskaraz pentsatu, sentitu eta bizi direnen ataria

Uztarria.eus 2017ko mar. 29a, 15:46
Gurean.eus euskarri ezkerdinetarako prestatuta dago.

Gurean.eus-ek TOKIKOM osatzen duten 60 toki komunikabideen, tartean Uztarria Komunikazio Taldearen, edizio digitaletako edukiak batu eta gaika antolatuta eskaintzen ditu. Atari berriaren helburua da gertuko errealitatearen leiho globala eskaintzea, gizartea, ekonomia, kultura, kirola eta eguneroko gaien bitartez. 

Euskarazko hedabide berri bat jaio da: Gurean.eus. Atari berriak TOKIKOM toki komunikabideen bateragunea osatzen duten 60 toki komunikabideek sortutako albiste guztiak bateratzen ditu, komunikabide jeneralisten ohiko sailetan antolatuta: gizartea, ekonomia, kultura, kirolak, politika, ekitaldiak, euskara... Uztarria Komunikazio Taldea ere TOKIKOM-eko kidea da, eta beraz, Azpeitiko atariko edukiak ere jasoko ditu Gurean.eus webguneak. 

Euskaraz pentsatu, sentitu eta bizi direnen ataria izateko jaio da. Horrez gain, sarean dagoen elkarlanerako gune irekia ere izan nahi du, gai berberaren gainean hainbat komunikabidek sortutako kronika eta analisiei zein TOKIKOM osatzen duten komunikabideen 250.000 ohiko irakurle eta erabiltzaileen iritzi eta aportazioei esker. Gurean.eus sarerako pentsatutako komunikabidea da, bereziki mugikorretatik kontsultatua izateko, nahiz eta tablet edo ordenagailu bidez irakurtzeko ere prestatuta dagoen. 

Alaitz Artolazabal TOKIKOMeko zuzendariak adierazi duenez, "gure mundua, bisioa eta ideiak handiago egin nahi ditugu, guztion artean integratzaileagoa eta hobeto informatua den oraina eraikitzeko". Horretarako abiapuntua "sinplea" dela azpimarratu du Artolazabalek: "TOKIKOMeko toki komunikabideen sareak informazio kopuru erraldoiak sortzen ditu egunero, beste inongo mediok eskaini ezin dezakeen kapilaritate mailaz gainera. Gurean.eus-en atzean dagoen ideia da herriz herri, auzoz auzo sortutako eduki hori guztia batu eta erakusleiho berri batean ematea, tokiaren arabera baino, gaiaren arabera ordenatuta". Horrela, publikoari egunerokotasunaren ikuspegi "guztiz ezberdina" erakutsi ahal izango zaiela esan du TOKIKOMeko zuzendariak, "gertutasunean oinarrituta, ohiko medioen agendatik kanpo geratzen diren gaiak azaleratuz".

Atari berria, hainbat komunikabidetan sortzen diren albisteak eta haien tratamendua ia momentuan jarraitzea ahalbidetzen duen "tresna boteretsua" dela esan du Artolazabalek, eta aldi berean "zeharka, nolakoak garen, nola pentsatzen eta sentitzen dugun ere erakutsiko digun tresna" dela azpimarratu du.

Hemen, Gurean.eus atariaren abiatze kanpainaren spot-a: