Aiora Renteria: "Hogei urte pasatu eta horrela mantentzea, harro egotekoa da"

Urola Kostako Hitza 2017ko mar. 29a, 13:34
Aiora Renteria. (Zea Mays)

Zea Maysek kontzertua eskainiko du zapatuan Sanagustin kulturgunean. Haren aurretik, 23:00etan, lau urtez oholtzetatik jaitsita egon den Kokein taldearen kontzertua izango da.

Zea Maysek kontzertua eskainiko du zapatuan Sanagustin kulturgunean, 20 urte eta harro tour biraren barruan. Aiora Renteria (Bilbo, 1976) abeslaria Sanagustingo oholtzara igotzeko “irrikaz” dago.

Harro da zuen azken lanaren izena. Zertaz zaudete harro?

20 urtean laurok batera egoteaz, zortzi disko ateratzeaz eta sekulako jendearekin lan egiteaz. Zea Mays ez dugu osatzen lau musikariok solik. Talde bat gara, eta gozamena da kide horiekin lan egitea. Beraz, harro gaude gauza horiez guztiez eta gugan sinesten duen jendeaz. Hogei urte pasatu eta horrela mantentzea, harro egotekoa da.

Nola laburbilduko zenuke taldearen 20 urteko ibilbidea?

Denetarik bizi izan dugu. Zortzi disko eta maketa bat kaleratu ditugu, eta kontzertu pila bat eskaini. Sekulako garapena izan dugu, musikari nahiz pertsona moduan, eta jende oso interesgarria ezagutu dugu bidean. Gazteako Maketa Lehiaketa irabazi genuen taldea sortu eta sei hilabetera, eta dena oso azkar joan zen. Kontrol falta pixka bat ere izan genuen hasieran, baina bideratzea lortu genuen. Ibilbide oso oparoa eta interesgarria izan dugu. Aspertu, ez gara aspertu, eta hori ere garrantzitsua da.

Nolako abestiak jaso dituzue Harro diskoan?

Askotariko hamabost kanta bildu ditugu: dantzagarriak, negar egitekoak… Diskoa osoa dela uste dut. Abestiak sortzerakoan aldaketa nabarmen bat egin dugu, konposatzeko era aldatu baitugu. Orain arte ez bezala, abestien kontrola hartu dugu eta sortze prozesuan jolasean ibili gara sintetizadoreekin-eta. Aurreko lanetan abestia egin ostean egiten zizkiguten programaketak.

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.