Gaurkotasunaren analisia, umoretik eta euskaraz

Uztarria.eus 2017ko mar. 29a, 14:13
Idiot Txou antzezlaneko irudia. (Ados teatroa)

Korrika kulturalaren baitan, Idiot Txou antzezlana eskainiko dute ostiralean, hilak 31, Soreasu antzokian. Oholtzara igoko dira Asier Hormaza, Dorleta Urretabizkaia eta Josean Bengoetxea, umorea klabean, eguneroko gaiez hitz egitera. 

Kazetari paperean sartuko dira ostiralean, martxoaren 31n, Asier Hormaza, Dorleta Urretabizkaia eta Josean Bengoetxea aktoreak, Ados Teatroaken Idiot Txou antzezlanean. Gaurkotasunaren analisia izango da obraren oinarrietako bat, umorearekin batera. Hala, gaur egungo kazetaritzaren errepasoa egingo dute umorea klasean, eta aldi berean pertsonaien arazo eta gatazkak azalaratuko dira obran zehar. 

Hiru aktoreek, bi esatariren eta teknikari baten rolean, zuzeneko irratsaio bat egingo dute antzokitik zuzenean. Irratsaio horrek audientzia arazo larriak ditu, entzuleek apenas deitzen baitute saiora. Hala eta guztiz ere, protagonistek entretenimendurako tartea lortu nahi dute, audientzia izan eta kaleratzea saihestuko diena. Entzuleek deituko ez dutenez, aukera bakarra geratuko zaie: antzokiko ikusleekin hartu-emana izan eta entzule faltsuen rolak hartuta deiak jasotzen ari diren itxurak egitea. 

Idiot Txou antzezlana, herriko hainbat eragilek 20. korrikaren bueltan prestatu duten Korrika kulturalaren barruan antolatu dute. Soreasu antzokian eskainiko dute obra, 22:00etan hasita. 

Apirilaren 5ean pasatuko da Korrika Azpeititik, 05:20 inguruan.

Sarrerak salgai

Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko kulturaz.eus webgunean, 10 eurotan. Egunean bertan, aldiz, Soreasuko leihatilan eskuratu ahal izango dira, 12 euro ordainduta.