Zabalik da 'Azpeitia-Hazparne. 30 urte. Bi herri pausoz pauso' egitasmoko laugarren etapako izen-ematea

Uztarria.eus 2017ko mar. 28a, 14:31

Apirilaren 8an egingo dute laugarren ibilaldia, Hondarribiatik Sarara. 30 kilometro inguruko txangoa izango da, eta erdia egiteko aukera izango dute parte-hartzaileek. 

Azpeitia-Hazparne. 30 urte. Bi herri pausoz pauso egitasmoko laugarren etapak badu data: apirilaren 8a, eta bertan parte hartu nahi duten herritarrek dagoeneko eman dezateke izena. Orain arteko txangoetan bezala, Lagun Onak Mendi Bazkunaren elkartean edo webgunean egin daiteke izen-ematea.

Laugarren ibilaldia Hondarribiatik Sarara artekoa izango da, eta Lagun Onak M.Bk aurreratu duenez, 30 kilometro inguru izango ditu. Irteeran parte hartuko duten lagunak 07:30ean irtengo dira Azpeitiko anbulatoriotik Hondarribiara, autobusez. Behin hara iritsitakoan, txalupaz Hendaiara joango dira, eta bertan ekingo diote ibilbideari. Biriatu aldera igaroko dira ondoren, eta handik Ibardingo mendatera igoko dira. Behin hara iritsita, Sarara joango dira GR-10 bideari jarraituta.

Ibilaldian parte hartu nahi dutenek ibilbide erdi egiteko aukera izango dute, Hondarribiatik Ibardingo mendatera arteko zatia edo hortik Sarara artekoa. 

Oraingoz, arrakasta izaten ari da Azpeitia eta Hazparne oinez lotuko dituen sei ibilaldien egitasmoa, eta Lagun Onak Mendi Bazkunako kideak "gustura" daude. Hala ere, herritarrak animatu nahi dituzte datozen hiru ibilaldietan parte hartzera.