Añares ISBk Espainiako Bigarren mailan jarraituko du, eta Sammic liderra da ligan

Uztarria.eus 2017ko mar. 28a, 12:39

Lau partida falta zaizkio denboraldia amaitzeko ISBren gizonezkoen aurreneko taldeari. Añaresek, aldiz, bi partiden faltan LF2 mailari eutsi dio. 

Denboraldi ona izaten ari da aurtengoa Iraurgi Saskibaloi Taldearentzat. Izan ere, klubeko bi talde nagusienak, emakumezkoen Añares eta gizonezkoen Sammic, emaitza onak lortzen ari dira.

Añares ISBko neskek denboraldia bukatzeko bi partiden faltan Espainiako Bigarren mailari eutsi diote. Azken partida etxetik kanpo jokatu zuten Pondevedran Arxil taldearen aurka, baina partida hura galdu bazuten ere (68-62), LF2 ligan jarraituko dute Xabi Chicoren neskek, Oviedok eta ABDAk ez baitzituzten euren partidak irabazi. 

Sammic, gorenean

Gizonezkoen aurreneko taldea, berriz, denboraldi bikaina egiten ari da Zilarrezko LEB ligan, eta bukatzeko lau partida falta diren honetan, sailkapeneko lehen muturrean dago Sammic. Joan den asteburuan seigarren garaipena jarraian eskuratu zuen Iker Buenoren taldeak Valladoliden aurke (88-84), eta modu horretan lider jarraitzen du. Cambados taldea du atzetik, garaipen baten aldearekin. Falta diren lau partidetatik hiru kanpoan jokatu beharko dituzte Sammic-eko mutilek, eta bakarra etxean.