Gipuzkoako maratoi erdi txapelketa ere jokoan izango da zapatuko Azkoitia-Azpeitia proban

Uztarria.eus 2017ko mar. 27a, 19:20
Gipuzkoako maratoi erdi txapelketaren iazko podiuma.

Parte hartu nahi dutenek Gipuzkoako Atletismo Federazioan eman behar dute izena, asteazken arratsaldeko bostak baino lehen. Federazioak ezarritako gutxieneko marka egiaztatua duten federatutako atletek debalde izango dute izena ematea.

Aurreko edizioetan bezala, Azkoitia-Azpeitia probaren barruan jokatuko da aurten ere maratoi erdiko Gipuzkoako txapelketa. Iaz Ander Sagarzazurentzat eta Lurdes Colomorentzat izan ziren txapelak.

Zapatuan Azkoitia eta Azpeitia artekoa egiteaz gain Gipuzkoako txapelketan lehiatu nahi duten atletek aurrez izena eman behar dute Gipuzkoako Atletismo Federazioan (GAF); etzi, asteazkena, 17:00etan bukatuko da epea. Federatuta dauden atletek izango dute aukera, gaf@kirolak.net helbidera idatzita izen-abizenak, klubaren izena eta maratoi erdian duten marka adierazita. GAF-ak ezarrita dituen gutxieneko markak egiaztatuta dituzten korrikalariek, gainera, debalde izango dute izen-ematea; horiek federazioan izena ematea nahikoa izango dute, baina gainerakoek aurrez Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren izen-emate orokorrean ere eman behar dute izena, Kirolprobak.com webgunean. Gizonezkoetan maratoi erdian 1:20:00 edo 10 kilometroetan 00:33:00 dira federazioak eskatzen dituen gutxienekoak; emakumezkoetan, berriz, 1:35:00 eta 00:40:00, hurrenez hurren. Aipatutako markak 2015-2016 edo 2016-2017 denboraldietan egindakoak izan behar dira.