Emaitza gozoekin eta gaziekin amaitu dute Xaputarrek aurtengo taldekako Gipuzkoako Xake Liga

Uztarria.eus 2017ko mar. 27a, 11:16

Amaitu da 2017ko Taldekako Gipuzkoako Xake liga. Joan den zapatuan, martxoaren 25ean, jokatu zuten azken jardunaldia azpeitiko xakelariek. Aurtengoan, Azpeitiko bi taldek hartu dute parte, Xaputarrak A taldeak bigarren mailan, eta xaputarrak B taldeak hirugarrengoan.

Xaputarrak A taldeko xakelariek liga hasieran jarritako helburua bete dute, igoera fasera sailkatzea eta maila mantentzea. Hala, hurrengo denboraldian ere Gipuzkoako Xake Ligako bigarren mailan arituko dira lehian. Aurtengo denboraldian jokatutako azken partida Donostian jokatu zuten xaputarrek, eta 1,5 eta 2,5 nagusitu ziren Gros H taldearen aurka. Eneko Alberdik eta Xabier Altunak euren partidak irabazi zituzten, Aitor Elustondok tablas (berdinketa) lortu zuen eta Juan Carlos Fernandezek ezin izan zuen bere partida irabazi. Zapatuan lortutako emaitzekin, seigarren postua lortu dute sailkapen orokorrean, 12,5 punturekin.

Esperientzia lortzeko denboraldia

B taldeak, aldiz, ez ditu emaitza hain gozoak lortu. Xaputarrak B taldeak ez du Xaputarrak A taldeak duen adina esperientzia, B taldea xakelari gazteek osatzen baitute. Azpeitiko Xake Taldeko Iñaki Urangak esan duenez, taldekideak "buru belarri aritu dira ligako jardunaldi bakoitzean, nahiz eta emaitzak ez diren hain onak izan". Hala ere, jokalari guztiek jolastu dutela eta esperientzia hartzeko balio izan dietela nabarmendu du Urangak.

Ligako azken partida etxean jokatu zuen Xaputarrak B taldeak, eta 1-3 galdu zuen ZKE D taldearen aurka. Luis Andoni Lazkanok bere partida irabazi zuen eta Alain Mateosek, Markel Zubimendik eta Youssef Chalalek, aldiz, partidak galdu zituzten. Xaputarrak B taldea begeratu dira 10 punturekin.