Ekonomia Feminista ardatz, 200 emakume baino gehiago ari dira parte hartzen herrian egiten ari diren foroan

Uztarria.eus 2017ko mar. 25a, 14:02

Bizitza erdigunera ekartzeko indar bat dabil hor lelopean, Ekonomia Feminista Foroa ari dira egiten gaur, Azpeitian. Euskal Herriko Bilgune Feministak antolatuta, 200 emakume baino gehiago ari dira parte hartzen. Sanagustin kulturgunean elkartu dira emakumeak goizean, eta 10:00etan hasita, Kapitala ala bizitza. Gure kartografiak gogoeta saioa egin dute. Ondoren, kafea hartuz atsedenaldia egin dute, eta 12:30ak aldera Bizitza erdigunera ekartzeko bideak mahai ingurua eskaini dute Mari Luz Estebanek, Elena Francok, Silvia Carrizok eta Cristina de la Cruzek. 14:00etatik 15:30etara bitartean, bazkaltzeko tartea dute Sanagustinen bertan, eta arratsaldean eraldaketa sozialari lotutako proiektu desberdinen inguruko tailerrak egingo dituzte udaletxeko ganbaran, gaztelekuan eta Emakumeen txokoan. Foroa ondorioak aurkeztuta bukatuko dute, 18:00etan.