Urola Erdiko Mankomunitatea, norabide okerrean eta errekorteak eginez

Iker Azagirre (Urola Erdiko Mankomunitateko informatzailea) 2017ko mar. 24a, 20:16

Udalerri bakoitzak bere hondakinen bilketa-sistema aukeratzeko ahalmena duela eta, 2014. urtean Urola Erdiko Mankomunitateko (UEM) udalerri guztiek, Azpeitiak izan ezik (guztira 6 udalerri), beraien sistemak aldatzea erabaki zuten. Bakoitza bere berezitasunekin baina helburu bat aurrean: gaikako bilketa-tasa esanguratsuak lortzea (%70etik gora). Horretarako, hondakinen bilketa-zerbitzua sortzaileekiko zuzenagoa bihurtzea eta hondakinen sortzailea identifikatu ahal izatea bultzatzen dituzten sistemak ezarri ziren Aizarnazabalen, Azkoitian, Beizaman, Bidanian, Errezilen eta Zestoan. Zerk motibatuta? Bada, batetik, 1970. hamarkadan hasi eta gaur egundaino Europa eta nazio mailan garatzen joan diren araudiek bultzatuta; hondakinen kudeaketa egoki batek gutxieneko zerbitzu batzuk eman behar ditu. Bestetik, hondakinak sailkatu gabe jasotzeak eta, ondorioz, zabortegira edota errauskailu sistemetara isurtzeak udalerrientzat dakarren etengabeko kostuen igoera jasangaitza bihurtzen ari delako.

Gaikako bilketa-tasa esanguratsuak lortzeko (%70etik gora) eta hondakin-sortzaile guztiei (herritar, komertzio, industriagune eta erakunde) zerbitzu osoa eta kalitatezkoa eman ahal izateko, egiturazko zerbitzu batzuk identifikatu zituen Mankomunitateak 2015. urtean. Beste modu batera esateko, bilketa-sistema berrien hasierako inplementazio lanez gain, egunero eman beharreko zerbitzuak, eta beraz, egiturazkoak kontsideratzen direnak, finkatzen joan dira Mankomunitatean. Horien artean, konpost zerbitzua, garbiguneen kudeaketa, industria-enpresa eta komertzioenganako hartu-eman zuzena eta kasuz kasuko kudeaketa zerbitzua, intzidentzien kontrola eta informazioa, sistemen mantenimendua (hardwarea eta softwarea), eta datuen eta datu-baseen kudeaketa.

Gauzak honela, bilketa sistema selektiboak inplementatu, mantendu eta hobetzeko saiakerak egiten ari diren herrietan (Aizarnazabalen eta Zestoan, esaterako)gaikako bilketa tasak %70etik gora kokatu dira 2014ko urteaz geroztik eta igotzen jarraitzen dute; Aizarnazabalen %80tik gora iritsi dira dagoeneko. Azkoitian, ordea, 2014. eta 2015. urteetan egin ziren lanek %70etik gora kokatu zuten gaikako bilketa-tasa, baina ordutik aurrera udalak zerbitzu guztiak ez ematea erabaki zuen eta harrezkero gaikako bilketa-tasak %55era jaitsi dira, eta beherantz doaz gaur egun. Zer esanik ez Azpeitiaren kasuan, oraindik kudeaketa berriak eskatzen duen zerbitzurik ez du inplementatu eta bere gaikako bilketa-tasak %40ra iritsi ezinik dabiltza. Zer esan nahi du guzti honek? Bada, hasteko, posible den %90erainoko gaikako bilketa tasak lortzetik oso urruti daudela Azkoitiko eta, batez ere, Azpeitiko udalerriak. Bigarrenik, eman beharreko bilketa zerbitzuak oso exkaxak direla orokorrean, eta batez ere industriaguneetako enpresekiko (udalei ordaintzen dizkieten tasak kontuan hartuta, apenas ematen den zerbitzurik). Eta, azkenik, kalitatezko zerbitzu bat ez emateak berarekin batera defizit ekonomikoa dakarrela. Azken puntu hori azaltze aldera, 12.500 tona inguru hondakin sortzen dira UEMko herrietan urtebeteko epean. Birziklatzen den hondakin bakoitzeko irabaziak izaten ditu Mankomunitateak, ontzi arinen kasuan adibidez 543 euro/tonako sarrerak izaten ditu. Birziklatzen ez dena (errefusa) kudeatzeko, aldiz, diru-galerak; aurtengo zabortegiko isurtze-tarifa 173 euro/tonako da, eta bere eboluzioa gorakoa izan da denboran zehar. Egiteko asmoa dagoen errauskailuaren tarifak momentuz ez dakizkigu, baina zabortegira isurtzea baino garestiagoak izango direla aurreikusten da. Hau horrela, gaikako bilketa tasak %40koak edo %70 edo altuagokoak izan, 1,5 milioi eurotik gorako diferentzia izango zukeen urtebetean Mankomunitateak, eta hori herritarren hondakin-tarifetan islatuko zatekeen.

Hezitzaileen figura eta errekorteak

Sei hezitzaile izan ditu Mankomunitateak 2014ko martxoan hasi eta oraintsu arte, ni neu horietako bat. Gure zereginak azaltzen hasita, oso anitzak direla esango nuke, momentu oro eta etenik gabe herritarrei, enpresei eta erakundeei zuzenduta jarduten dugu lanean, eta arestian aipatu ditudan egiturazko zerbitzuak betetzen dihardugu. Hondakinen sortzaile, biltzaile, kudeatzaile eta erakunde publikoen arteko zubi-lana egiten dugu. Beste modu batera esanda, batetik, administrazio publikoetatik hartzen diren erabakiak eta planak praktikara eramaten ditugu, eta herritar eta enpresekin batera errealitatean gorpuztu. Bestetik, egunerokotasunean azaltzen diren dinamikei forma instituzionala ematen diegu, eta agiri eta baimenen bidez administrazio publikoko eskemetan sartu; instituzionalizatu, alegia.

Azken bi hilabeteetan UEMko lehendakaritzatik hartzen ari diren erabakiek, ordea, larriki kaltetu ditzakete Mankomunitatea eta hondakinen kudeaketa zerbitzuak. Izan ere, dagoeneko 6 hezitzaileetatik 2 kaleratu ditu Mankomunitateak, eta ez dakigu aurrerantzean zer gertatu daitekeen. EH Bilduk gehiengoa duen Mankomunitate honek errekorteen politika aplikatzeari ekin dio eta horrek kinka larrian jartzen du bai Mankomunitatearen etorkizuna, baita beharrezko kudeaketa zerbitzu minimoak ematearena ere. Jakinda hondakinen kudeaketa prozesuak gero eta zorrotzagoak izatera behartzen ari zaiola Europako komunitatea (zabortegi eta erraustegientzat baldintza gogorragoak), eta hondakinak berrerabiltzeko sistemak ekonomikoki gero eta gehiago saritzen direla, nora begira dagoen galdetuko nioke Urola Erdiko Mankomunitateari.

Eta ez hori bakarrik, hausnarketarako galdera zabalagoak egingo nizkioke EH Bilduk zuzenduta kudeaketan ari den Mankomunitate honi: nola pentsatzen du gizartea jasangarriagoa eta justuagoa den eredu baterantz trakzionatzea, zalantzan jartzen baditu tekniko/hezitzaileek herritarrekin batera egindako lanak orain arteko helburuak erdiesteko? Nola egin nahi du herritarrei kalitatezko zerbitzu publiko bat eskaintzeko, horretan ari diren zerbitzariak kaleratuta? Eta nola pentsatzen du hondakinen zerbitzuek sortzen duten kostuak etorkizuna ez hipotekatzea, inplizituki zabortegi eta erraustegi sistemak defendatzen baditu, %40ko bilketa tasak izanda, Azpeitiaren kasuan behinik behin?