36 taldek eramango dute Korrikaren lekukoa Azpeitian

Uztarria.eus 2017ko mar. 24a, 19:09
17. Korrika Azpeititik igaro zenekoa da irudia.

Apirilaren 5ean, 04:40an hasi eta 05:40ak bitartean eramango dute lekukoa azpeitiarrek, Lasaon hasi eta Azkoitiko Txiki Golf pareraino. Atzo, osteguna, egin zuten kilometroen banaketa.

37 eragile, talde, enpresa eta kuadrillak babestuko dute Korrika Azpeitian; 36k korrika eginda eta beste batek korrikalaria erosita. Apirilaren 5ean, 04:40an hasi eta 05:40ak bitartean eramango dute lekukoa azpeitiarrek, Lasaon hasi eta Azkoitiko Txiki Golf pareraino.

"Herriko talde eta eragileek ekarpen ekonomikoa egin diote Korrikari, kilometroak erosiz; eta, horrela, euskara eta euskaldunen aldeko beste pauso bat eman dute. Merkatariak eta tabernariak ere ari dira bide horretan laguntzen, Korrika lagun bezala ekarpena eginda", azaldu dute herrian 20. Korrika antolatzen lanean ari diren AEK-k eta Natul euskara taldeak. "Korrikak berebiziko garrantzia du AEK-k bere lana egiten jarrai dezan, eta eskerrak eman nahi dizkiegu euskararen aldeko aldarri hau bere egin duten herritar eta talde guztiei. Haiez gain, herriko merkatari eta tabernariek ere egin dute ekarpena. Mila esker guztioi. Aurten ere, aurreko edizioetan bezala, babes zabala eta anitza jaso du Korrikak gure herrian", gaineratu dute.

Taldeak eta kilometroen banaketa

Hauek dira apirilaren 5eko goizaldean Azpeitian Korrikaren lekukoa eramango duten taldeak eta eragileak, eta bakoitzari tokatu zaion kokapena eta tartea:

  • Haujijijai festa batzordea eta XJ auzolanean (Lasaoko autobus geltokia).
  • Domusa (Larberri).
  • Kantoi kuadrilla eta Gure Ametsa elkartea (Istinge).
  • Uztarria eta Eregi (Danona).
  • Zezen Beltz eta EH Bildu (Lasaoko gasolindegia).
  • Oilo Soro eta Zokoa elkarteak (Km 11).
  • Lagun Onak Mendi Bazkuna (Gaztainazabal baserria).
  • LAB eta Orkatz (Okerkoa zubia).
  • Sammic (Ezkuztako gasolindegia).
  • Kulturaz kooperatiba (Loiola 91).
  • AZTE eta Erniarraitz (Soreasuko zubia).
  • Azpeitiko Ikastola Ikasberri kooperatibako langileak (Etxe-Zuri taberna).
  • Urola Kostako Hitza eta Sokaitz eskalada taldea (Amaia taberna).
  • Azpeitiko Udala (plaza).
  • Baigera jubilatuen elkartea eta Ikasberri Kirol Elkatea (Olazko Amaren plaza).
  • Iraurgi Saskibaloia (Artzubiko biribilgunea).
  • Lagun Onak Futbol Taldea (anbulatorioa).
  • Bieleko langileak (Sanjuandegiko biribilgunea).
  • Azpeitiko Udala (Abenidako biribilgunea).
  • Azpeitiko Ikastola Ikasberri kooperatiba (Esklabak).
  • Iraurgi ikastetxea (Olazko biribilgunea).
  • Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai eta Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI (Xanadu).
  • Elkar Ekin eta Gastadoreak (Forum parea).
  • Arroita (autoeskolen azterketen lekua).
  • Zulo Zabal eta Ziripot elkarteak (Munategi).

Itsasi euskal kultur taldea da 37. babeslea.

Ordainketa eta petoak

Atzoko zozketan izan ez ziren taldeei datozen egunetan helaraziko diete ordainketa egiteko informazioa. Datorren ostegunean, hilaren 30ean, Sanagustin kulturgunean banatuko dituzte petoak, 18:00etatik 20:00etara. Petoak eta Korrikako aldizkaria jasotzeko, ordain-agiria eraman beharko da.