Xabier Lozano: "Ez dut ez naizena naizela sinetsarazten aritu beharrik orain"

Urola Kostako Hitza 2017ko mar. 24a, 10:30
Xabier Lozano. (Ihintza Elustondo/ Urola Kostako Hitza)

Psikiatra baten baimena behar izan du Xabier Lozanok betidanik jakin duena ziurtatzeko: gizona dela. Une gogorrak bizitzea tokatu zaiola aitortu du, baina, azaldu duenez, 'gustura' dago orain. 

Jaio zenean, sexu-organoei erreparatu, eta emakumea zela esan zioten Xabier Lozanori (Azkoitia, 1994). Baina berak “betidanik” jakin du gizona dela. “Alua baduzu, emakumea zara, eta zakila baduzu, gizona. Baina, batzuetan, hanka sartzen dute. Horixe da transexualitatea”. 3 urte zituenetik Azpeitian bizi da, eta, egun, Antropologia ikasten ari da Donostian. Hori amaitzean, Sexologia masterra egitea gustatuko litzaioke.

Sentitu duzu inoiz gorputz hori ez dela zurea?

Ispiluaren aurrean jartzean, beti jakin izan dut ikusten dudan hori ni naizela. Besoa mugitzen banuen, ispilukoak ere mugitu egiten zuen. Baina pentsatzen nuen: “Itxura hori ez da nik izan beharko nukeena”.

Ez zinen haserretzen?

Ez. Azkenean, bizitza osoan horixe ezagutu dut. Baina ez zitzaidan gustatzen ikusten nuena. Noiz hasi zinen konturatzen zerbait gertatzen zela? Betidanik jakin izan dut. Txikia nintzela, aita bizarra kentzen ari zenean, inozo baten moduan gelditzen nintzen hari begira. “Nik ere nahi dut”, esaten nuen.

Betidanik jakin izan duzu gizona zarela, baina jendeak emakumetzat zintuen. Nola eraman duzu hori?

Zaila izan da. Ikastolan, irakatsi zidaten zer den emakume bat eta zer den gizon bat, eta gizarte osoak, familiak zein lagunek, emakumetzat hartu izan naute. Baina ni gizona naiz. Orduan, hasi nintzen nire buruari galdetzen: Zer da emakume izatea? Zer da gizon izatea? Eta 5 urterekin, teoria bat sortu nuen: “Bi aukera daude: batzuek zorte ona dute, eta sexu-organo batzuekin jaio dira; beste batzuek, berriz, zorte txarra eduki dute, eta beste sexu-organo batzuekin jaio dira. Baina denak dira mutilak”. Nik pentsatzen nuen: “Zergatik izango naiz ni desberdina? Niri esan nahi badidazu emakumea naizela, emakumea izango naiz, baina, orduan, emakumea izatea gizona izatea da”. Gertatzen zena nolabait azaldu behar nion nire buruari.

Etxean ez zenuen ezer esaten?

Betidanik esan izan dut, gauza da gurasoek-eta jolas moduan ikusten zutela. Nire amari galdetzen badiozu, esango dizu ez nuela behin ere ezer esan. Zuzenean agian ez, baina beste modu batera esan izan dut. Arropa erostera joatean, zuzenean mutilen eremura eramaten ninduen amak, bazekielako aukera bakarra hori zela niri arropa erosteko.

Irakurri elkarrizketa osorik Urola Kostako Hitzaren webgunean.