Zabalik dago Osasun Ibilbideak programako hurrengo irteeran izena emateko epea

Uztarria.eus 2017ko mar. 23a, 13:13

Martxoaren 30ean, osteguna, egingo dute hurrengo irteera, Ibai Eder urtegira. Han 8 kilometro inguruko pasiera egingo dute. Astelehenean, hilaren 27an, itxiko da izena emateko epea.

Azpeitibili egitasmoaren barruan, astean bi egunetan taldean oinez ibiltzera irteteko aukera izaten dute adineko herritarrek, horien aisialdi aktiboa bultzatzeko prestatutako Osasun Ibilbideak programaren bueltan. Hilero irteera berezi bat egiten dute, eta martxoko txangoan Ibai Eder urtegira joango dira, han oinez ibiltzeko. Irteera martxoaren 30ean, osteguna, egingo dute, eta bertan parte hartu nahi duten herritarrek izena eman beharko dute aurrez Udaleko kirol sailean (943-15 00 95) edo Baigeraren bulegoan (943-81 44 64). Plazak mugatuak dira, eta izena emateko azken eguna martxoaren 27a, astelehena, izango da. 

Ibilaldiaren egunean, izena ematen duten lagunak autobusez joango dira Ibai Eder urtegira. Horretarako hitzordua 10:00etan jarri dute, udaletxe aurrean. Ondoren, Ibai Eder urtegian 8 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta 12:00etan hartuko dute Azpeitira itzultzeko autobusa.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, ibilbidea "erraza" izango da.