Mikel Larrañaga eta Alex Txikon, apusturako prest

Uztarria.eus 2017ko mar. 23a, 11:02
Mikel Larrañaga Euskal Herriko finalera sailkatzeko kanporaketan. (Ibon Errazu)

Txikonek bota dio desafioa aizkolari azpeitiarrari, eta mendigoizaleak jokoan 7.000 euro jartzeko proposamena egin du. Akordioa ixteko hitzordua asteazkenean, hilaren 29an, jarri dute, Mendizabal jatetxean. Apustuan harrijasotzen, aizkoran eta korrika aritu beharko dute Larrañagak eta Txikonek.

Kirol-apustu usaina itzuli da Azpeitira. Alex Txikon mendigoizaleak desafioa bota dio Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrari, eta apustuaren xehetasunak adosteko hitzordua jarri dute datorren asteazkenean, martxoaren 29an, Mendizabal jatetxean. 

Apustua jokatzeko Txikonek proposatu duen data ekainaren 24a da, eta kirolari bakoitzak mahai gainean 7.000 euro jartzea proposatu du lemoarrak. Hala, 7.000 euro izango dira jokoan. 

Desafioan hiru proba egingo dituzte, eta aizkoran, harrijasotzen eta korrikan aritu beharko dute Larrañagak eta Txikonek. Apustua jokatzeko aukeratutako lekua Azpeitiko zezen plaza da.

Alex Txikonek mendiaz gain aizkora du zaletasun, eta ez da halako desafioak bota dituen aurreneko aldia. Izan ere, 2009. urtean eta 2010an beste bi apustu jokatu zituen Azpeitiko zezen plazan. Orduan parez pare izan zituen Jose Felix Zubizarreta eta Joseba Otaegi aizkolariak. Orain, iaz Euskal Herriko Aizkolari Txapelketan hirugarren postua lortu zuen Mikel Larrañaga izango du lehiarako prest Alex Txikonek.