Koloreak nahastean sortzen dena

Urola Kostako Hitza 2017ko mar. 22a, 13:35
Virginia Arellanoren hamar koadro inguru daude Azpeitiko Aisialdi tabernan. (Ihintza Elustondo)

Virginia Arellanoren margolanak ikusgai daude Aisialdi gastro-tokian, apirilaren amaierara arte. Koloreekin esperimentatuz sortutako koadroak dira.

Koloreak hartu, eta nahastea. Haiek elkartzean zer sortzen den ikustea. Esperimentatzea gustatzen zaio Virginia Arellanori (Azpeitia, 1972). Txikia zela hasi zen margotzen, eta duela sei urtetik Diart eskolara joaten da ikastera. Jendearen aurrean agertzeko pausoa ematea kostatzen zaion arren, zenbait koadro herrian ikusgai jartzea erabaki du. "Azkenean, egin eta egin eta egin… Pentsatu nuen irteeraren bat eman beharko niola egindako lanari". Azpeitiko Aisialdi gastro-tokian daude ikusgai haren lanak, apirilaren amaierara arte.

Guztira, hamar bat koadro jarri ditu, eta, egilearen arabera, "oso ezbedinak" dira beren artean. Haietako batzuk berak asmatutakoak dira, eta beste batzuk, Interneten aurkitu eta berak berregindakoak. Hori bai, denek bereizgarri bat dute: oso koloretsuak dira. "Gauza bereziak egitea gustatzen zait. Paisaiak-eta ez zaizkit gustatzen. Koloreen zalea naiz, eta koloreak nahasteko eta ikasteko aukera emango didan zerbait egitea behar izaten dut".

Hainbat teknika baliatuz sortutako lanak dira. "Koadro zuria hartzen dut, eta esaten dut: 'Ea zer irteten den hemendik’. Esperimentatzea gustatzen zait. Margoak bota, eta gauza askorekin lan egiten dut: esponjarekin, txartel batekin, ileko lehorgailuarekin… edozer gauzarekin. Transfer teknika ere erabiltzen dut, urmargoa eta olio margoa ere bai…".

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean