Zapatuan abiatu zen elkartasun astearen barruan, Azpeitiko Sare Herritarrak deituta elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean plazan (argazkian). Presoen eskubideen aldeko 2015eko urtarrileko manifestazioaren ondoren, Guardia Zibilak 104.000 euro konfiskatu zizkion Sareri, eta Sarek diru hori itzultzeko eskatuz jarritako apelazio-helegitea atzera bota du orain Espainiako Auzitegi Nazionalak. Elkarretaratzearekin batera, diru-ekarpenak jasotzeko eta bazkide izatea eskaintzeko mahaia jarri dute Sarekoek Sanagustinpean. Herriko hainbat tabernatan ere egin daitezke Sare babesteko ekarpenak, eta Internet bidez ere egin daitezke.