Oier Alkorta eta Eneko Martija, bakarrak eta txapeldunak

Uztarria.eus 2017ko mar. 21a, 19:28
Oier Alkorta eta Eneko Martija.

Bigarren urtez jarraian jantzi dute Ikasberri Kirol Elkarteko azpeitiar pilotariek Kluben Arteko Euskal Herriko txapela, gomazko palan jubenil mailako finala irabazita. Azpeitian beraiek bakarrik ari dira espezialitate horretan, baina emaitzak oso onak dira orain artekoan.

Oier Alkorta (Azpeitia, 2000) eta Eneko Martija (Azpeitia, 2000) aurten iritsi dira jubenil mailan lehiatzeko adinera, baina maila horretako bigarren txapela jantzi dute jadanik, gomazko pala espezialitatean, Kluben Arteko Euskal Herriko Txapelketan.

"Aurreko urtean ere atera genuen jubenil mailako txapela, kadeteak ginen arren eta, beraz, aurten ere bagenuen esperantza", dio Oier Alkortak. Sei partidako ligaxka jokatu zuten aurrena eta hor lehen postuan sailkatuta, zuzenean lortu zuten finalerako txartela. Gasteizko Adurtza klubeko ordezkariak gainditu zituzten finalean (25-10), Arabako hiriburuan bertan, 2016ko finalean gertatu bezala.

Bizkaiko bikote bat, Gasteizko Adurtzako bi, Real Sociedadeko beste bat eta Ikasberriko azpeitiarrak; horiexek aritu dira lehian gomazko pala espezialitatean aurtengo kluben artekoan.

Aurretik eskuz aritutakoak, 10-11 urterekin hasi ziren palan jokatzen Alkorta eta Martija, ikastolan, eta harrezkero ez diote utzi. Futbolarekin uztartzen dute pilota jarduna, biak baitira Ikasberri KEko jubeniletako jokalariak. Palan, ordea, "beti aparte, biok", dio Eneko Martijak. Eskua eta erremontea errege diren tokian, Alkorta eta Martija dira Azpeitian, federatu gisa eta txapelketetan, palan aritzen diren pilotari bakarrak; ez aurretik, ez atzetik, gaur egun ez dute beste inor. Palan jokatzea asko gustatzen zaiela diote; "liberazioa" dela dio Martijak, eta "tentsioak askatzeko" balio diola Alkortak. Baina aitortu dute emaitzek ematen dietela "batik bat" aurrera egiteko indarra. "Lehendabiziko urtean partida denak galdu genituen. Baina bigarrenean txapela irabazi genuen eta, hortik aurrera, jarraitu eta jarraitu, orain arte", dio Alkortak.

Gomazko palan, oro har, "jende gutxi" dabil Euskal Herrian ere, azpeitiarren esanetan. Azkenaldian berriren batzuk ezagutu badituzte ere, "beti aurkari igoalak" izaten dituztela diote. Gomazko palak ez dauka indar handirik, guztiz amateurra da; hala ere, "arazorik ez bada", bidea egiten jarraitzeko asmoa azaldu dute Alkortak eta Martijak.

GRAVNI, hurrengo erronka

Normalean astean behin edo bitan entrenatzen dute, Izarraitz pilotalekuan; beren kasa, eta elkarren kontra. "Orain, astean behin Donostiara joaten hasiko gara, GRAVNI txapelketa prestatzeko", kontatu du Martijak. Euskal Herriko eta Errioxako pilota federazioen arteko txapelketa da GRAVNI, eta Gipuzkoako Federazioak aukeratu du Azpeitiko bikotea, beren mailako gomazko palako lehian aritzeko; iaz ere jokatu zuten txapelketa hori. Aurten, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako pilotariek jokatuko dute gomazko pala txapelketa.

GRAVNIa bukatutakoan, berriz, "txapelketa txiki batzuk" jokatzeko asmoa dute, baina denboraldiaren hitzordu nagusiak federazioen artekoarekin bukatuko dituzte.