Ehundik gora lagunek osatu dute 'Azpeitia-Hazparne. 30 urte, bi herri pausoz pauso' egitasmoaren hirugarren etapa

Uztarria.eus 2017ko mar. 20a, 13:04

Azpeitia-Hazparne. 30 urte, bi herri pausoz pauso egitasmoaren hirugarren etapa, Donostiatik Hondarribiara artekoa, egin zuten ehundik gora lagunek joan den zapatuan, martxoaren 18an. 08:00etan, 83 lagun abiatu ziren anbulatorio aurretik Donostiara, eta han Hazparneko 23 lagun batu ziren txangora. Zurriolan hasiko zuten ibilaldia, Ulia zeharkatuz Pasai San Pedrora iristeko. Han, Pasai Donibanera txalupaz igaro ziren, Jaizkibel mendian gora jarraitzeko; igoeran zehar hamaiketakoaz gozatzeko parada izango zuten parte-hartzaileek. Behin sabelak beteta, GR-121 bidea jarraituz Jaizkibeldik Guadalupera iritsi ziren, eta han egin zuten bazkaltzeko geldialdia.  

Lehenengo eta bigarrengo etapekin alderatuta zailtasun handiagokoa zen zapatukoa, eta bazkal ostean ibilbidea osatzeko denboraz gaizki zebiltzala ikusita, aurrez pentsatuta zuten bidea moldatzea erabaki zuten antolatzaileek, bueltako autobusera garaiz iristeko. Hala, hainbat lagunek, aurrez pentsatutako bidetik jarraitu zuten ibiltzen, eta Higer aldetik jaitsi ziren Hondarribiara. Beste batzuk, aldiz, GR-121 ibilbidetik osatu zuten txangoa, bide laburragoa hartuta. 

Apirilaren 8ra arte agurtu zituzten hazpandarrak, eta aurreikusita baina hamabost minutu beranduago, 17:45ean hartu zuten Azpeitirako autobusa, beste aldi batez, egun ederra igarota. 

Lagun Onak Mendi Bazkunako kideek ateratako argazkiak dira honakoak. Argazki gehiago ikusgai, hemen.