Goraino bete da Soreasu, nostalgiaz bustitako San Jose Trikiti Jaialdian

Uztarria.eus 2017ko mar. 18a, 20:22

Soreasu antzokiko leihatilak iriki bezain pronto hasi dira sortzen San Jose Trikiti Jaialdia ikusteko jende ilarak, eta ikuskizuna hasterako goraino bete da antzokia. Aurtengo jaialdia berezia izan da, aurten hamar urte bete baitira Euskal Herriko Trikiti Elkarteak ikuskizuna Azpeitian antolatzen hasi zenetik. Hori gogoratzeko azken urteetan trikiti jaialdia iragartzeko erabili izan dituzten kartelak jarri dituzte oholtzan. Horrez gain, hamar urte horietan San Josetako jaialdian parte hartu duten hainbat talde izan dira presente gaurkoan, baita talde berri eta gazteak ere. Hala, pandero eta trikien doinu berriek eta zaharrek hartu dute Soreasu gaur arratsaldeko jaialdian. 

Laxaro Azkune aritu da aurkezle lanetan, eta honakoak izan dira oholtzara igo diren trikitilari eta panderojoleak: Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña, Maixa Lizarribar, Errekalde Anaiak, Azkonobieta anaiak eta Jexux Izeta, Jone Uria eta Julene Otegi, Aire Ahizpak, Tapia eta Leturia, eta Iker Allur eta EinGo. Ikusleen txalo zaparrada artean eman diote amaiera bi ordu inguru iraun duen emanaldiari, hurrengo urtera arte.