Datozen herri galdeketei babesa erakutsi die Azpeitiko Gure Esku Dagok

Uztarria.eus 2017ko mar. 18a, 14:33

Bihar, martxoak 19, independentziaren inguruko herri galdeketak egingo dituzte Tolosaldean, Oarsoaldean, Larrabetzun, Astigarragan eta Hernanin. Horiei babesa erakusteko ekitaldia egin du gaur, zapatua, eguerdian Azpeitiko Gure Esku Dagok, udaletxe azpian. 

Haritz Garmendia eta Eneko Arbeok eman diote hasiera ekitaldiari, eta hainbat abesti kantatu dituzte, giroa alaitzeko. Ondoren, Haritz Etxeberria Ministro eta Leire Ostolaza bertsolariak igo dira oholtzara, eta erabakitzeko eskubidea hizpide hainbat bertso abestu dituzte. Eneritz Albizuk eta Laxaro Azkunek, Azpeitiko GEDko eta Hitzartuko kideek, hartu dute hitza jarraian. Hitzartuk egindako lanaren fruituak aipatuz hasi dute hitzartzea, eta 2016ko ekainaren 5ean herrian egin zen herri galdeketaren emaitzak zeintzun izan ziren errepasatu dute. Orduan, 16 urtetik gorako 4.781 herritarrek parte hartu zuten parte erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimen hartan, boza emateko aukera zuten herritarren %39,37k. Horietatik 4.524 herritarrek bai erantzun zutenEz esan zuten 188 pertsonek, bozkatu zutenen %3,98k; zuriz bozkatu zuten 17 pertsonek, bozen %0,36k, eta 52 izan ziren baliogabeak, botoen %1,1a. Egun hura "sekulakoa" izan zela azpimarratu dute Albizuk eta Azkunek.

Datozen egun eta hilabeteetan, Euskal Herriko beste hainbat eta hainbat txokotan egingo dituzte herri galdeketak, tokian tokiko taldeek deituta, eta horiek guztiak "ez direla damutuko" esan dute Azpeitiko Gure Esku Dagoko kideek. Hala, euren babesa erakutsi diete beste herrietako taldeei erabakitzeko eskubidearen aldeko bidean aurrera egiten jarraitzeko. 

Borobiltzeko datak

Etorkizunean egingo diren herri galdeketei babesa erakusteaz gain, egutegian borobiltzeko hainbat daten berri eman dute gaurko ekitaldian, eta esan dute datozen hilabeteak "erabakikorrak" izango direla.

Apirilaren 10a "gorriz markatu beharreko data" dela esan dute, "erabakitzearen aldeko festa" egingo baita egun horretan, Bilbon. Horrez gain, apirilaren 27an Azpeitian izango den hitzaldi baten berri eman dute. Egun horretarako hitzaldia prestatu du Azpeitiko GEDk. Bertan, erabakitzeko eskubidea lortzera bidean gauzak nola ikusten dituzten azalduko dute LAB sindikatuko Ainhoa Etxaidek eta ELAko Xabier Antzak.