Pasaiako segadaren 33. urteurrenaren harira hainbat egitasmo antolatu dituzte datozen egunetarako

Uztarria.eus 2017ko mar. 18a, 14:18
Pasaiako segadan hildakoen senideek 33. urteurreneko egitasmoan aurkezteko agerraldia egin dute gaur, Katakrak liburutegian.

Martxoaren 22an lore eskaintza egingo dute Azpeitiko monolitoaren aurrean, eta martxoaren 25ean, kontzentrazioa izango da Iruñean. Pasaiako segadan hildakoen senideek agerraldia egin dute gaur, eta esan dute ez dutela etsiko "gertatu zena argitu arte". 

Martxoaren 22an 33 urte beteko dira Pasaiako segada gertatu zenetik, 33 urte Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako kide ziren Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak hil zituztenetik. Urtemugaren harira, hainbat egitasmo antolatu dituzte Pasaiako segadan hildakoen familiartekoek, eta horien berri emateko agerraldia egin dute gaur, zapatua, Iruñeko Katakrak liburutegian. 

Martxoaren 22an lore eskaintza egingo dute Azpeitiko monolitoaren aurrean, 18:30ean. Hilaren 25ean, aldiz, kontzentrazioa izango da Iruñean, eta bertara joateko autobuserako izena Orkatz tabernan eman daiteke. Pasaiako segadan hildakoen senideek bi egitasmoetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. 

Auzia argitu arte

Azken 33 urteak "oso gogorrak, sufrimenduz beteak, jasanezinak une askotan, eta batez ere krudelak" izan direla esan dute Pasaiako segadan hildakoen senideek, eta esan dute "inpotentzia" sentitzen dutela, orain arte "guztiz baztertuta" sentitu direlako. Hala ere, azpimarratu dute, ez dutela etsiko "Pasaiako badian gertatu zena argitu arte".  

Kasuaren inguruan justizia egiteko "borondate eza" ikusten dutela adierazi dute senideek gaurko agerraldian, baina justizia aldarrikatzen jarraituko dutela azpimarratu dute: "Duintasun osoz jarraituko dugu gure senideekin egin zuten bidegabekeri hura salatzen. Juztizia aldarrikatzeko eskubidea inork ez digu kenduko".

Bestalde, salatu dute, auzia ez dela argitu gertatu zena argitzeko zantzuak badaude ere: "Nahiz eta bi testigantza zuzen egon, Joseba Merino eta Rosa Jimenorenak, nahiz eta gorputzen autopsiak Pako Etxeberria forentseak egin, nahiz eta garai hartako agintari gotzai eta kazetariek gertaerak salatzeko hitz gogorrak erabili, auzia ez da oraindik argitu". Hala, esan dute "sinestezina" iruditzen zaiela oraindik epaiketa bat egitera iritsi ez izana. 

Pasaiako segadan hildakoen senideak bide judizialetik saiatu dira kasua argitzen, baina bide horrek "emaitzarik eman ez" duela salatu dute: "2016ko otsailaren 3an jakin genuen Pasaiako segadaren auzia artxibatu zuela Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak. Jarraian, auzia ez artxibatzeko  helegitea jarri genuen Azpeitiko Udalak eta Pasaian eraildakoen senideok.  Iazko azaroaren 8an  jakin genuen Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak atzera bota zuela aipatu helegitea". Erabaki horien aurrean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea jarri zuten Azpeitiko Udalak eta Pasaiako segadan hildakoen senideek, joan den asteartean. "Ate hori itxita ere, prest gaude auzia Giza Eskubideen Europako Auzitegira eramateko", esan dute, eta eskerrak eman dizkiete Azpeitiko Udalari, "eskainitako laguntzagatik eta babesagatik".

"Instituzioek baztertuta"

Halaber, instituzio publikoen aldetik "baztertuta" sentitu direla salatu dute: "Auzitegien eta instituzioen jarrerak nahigabea sortzen digu, eta inpotentzia. Eskerrak herritarron babesa eduki dugun. Ordez, auzi honi buruz  aipatu erakundeek eduki duten jarrera lotsagarria bada ere goraipatzekoa da herritarrek eman diguten babesa eta maitasuna".

Azken urteetan Pasaiako sarraskia argitzeko ekimenak (ekitaldiak, erakusketak…) "areagotu" egin direla azpimarratu dute, adibide gisa ipinita Oinatzak Produkzioak egiten ari den Pasaiako Badia dokumentala.