Euskarazko kulturak eremu euskaldunetan duen pisuaz mahai ingurua izango da hilaren 21ean

Uztarria.eus 2017ko mar. 17a, 17:44

Oier Aranzabal, Lander Arretxea, Ane Bastida eta Miren Gorrotxategi izango dira solasaldiko gonbidatuak. Eremu euskaldunetako pertsonen kultura hautuez egingo da gogoeta, besteak beste, mahai inguruan; 19:00etan hasita. 

Hilaren 21ean, asteartea, Euskarazko kulturaren kontsumoa eta erreferentzialtasuna eremu euskaldunetan mahai ingurua izango da Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Korrika Kulturala dela-eta, Natul Azpeitiko euskara taldeak, Kulturaz kooperatibak eta AEK-k antolatu dute solasaldia. Oier Aranzabal kultur kudeatzaile, musikari eta kazetaria; Lander Arretxea komunikazioan aditua, Ane Bastida musikaria eta Miren Gorrotxategi idazlea izango dira mahai inguruko gonbidatuak, eta azken hori arduratuko da gaiak eta egoerak jartzeaz.

"Azpeitian, euskarazko kultur eskaintza oparoa da, eta ikusgarritasuna ere agerikoa da. Zer gertatzen da, ordea, kontsumoarekin eta erreferentzia kulturalekin?". Gogoeta horri heldu diote antolatzaileek solasaldia antolatzeko orduan. Euskarazko kulturaren kontsumitzaileen perfila, transmisioaren garrantzia, hizkuntza gutxituen aukerak eta euskaldunen hautua landuko dira, besteak beste, mahai inguruan.