Musika Laborategia tailerra antolatu du Gazteria Sailak haurrentzat eta gurasoentzat

Uztarria.eus 2017ko mar. 17a, 15:06

Martxoaren 25ean, zapatua, izango da tailerra, Txiki Txoko ludotekan. Izen-ematea aurrez egin behar da, GIBan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, Musika Laborategia tailerrean haur eta gurasoen arteko lotura emozionalak landuko dituzte, musikaren bidez.

Gazteria Sailak Musika Laborategia izeneko tailerra antolatu du hurrengo zapaturako, martxoaren 25erako. Tailer hori goizeko 10:30etik 11:30era izango da, Jose Antonio Agirre plazako Txiki Txoko Ludotekan eta 0-5 urte bitarteko haurrei eta beren gurasoei zuzenduta dago. Bertan parte hartzeko, parte-hartzaileek 5 euro ordaindu beharko dute, eta ordainketa tailarraren egunean bertan egin beharko dute.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, Musika Laborategia tailerrean haur eta gurasoen arteko lotura emozionalak landuko dituzte, musikaren bidez. "Musika tresna bezala hartzen da, eta ume bakoitzaren garapen prozesua sendotzen laguntzen du", azaldu dute. 

Izen-ematea zabalik dago, eta horretarako azken eguna martxoaren 23a izango da. Izena eman nahi dutenek Azpeitiko Gazte Informazio Bulegoan (GIB) egin dezakete, bulegora bertaratuta, telefonoz deituta (943-15 71 60) edota mezu elektroniko bat bidalita (gib@azpeitia.eus).