Harrera hunkigarria jaso dute Jose Mari Orbegozok eta Amaia Gonzalezek

Uztarria.eus 2017ko mar. 17a, 12:18

Sei sarirekin itzuli ziren Jose Mari Orbegozo (Azpeitia, 1964) eta Amaia Gonzalez (Lasarte, 1976) dantzariak Torremolinosen (Malaga, Andaluzia) jokatu zuten MueBT Dantza Txapelketatik, eta hori txalotzeko, harrera egin zion atzo, osteguna, Azpeitiko Udalak bi dantzariei. Udal ordezkariez gain, Orbegozoren Dantzaki dantza eskolako hainbat ikasle ere hurbildu zen udaletxera, euren irakasleei babesa erakustera. Eneko Etxeberria alkateak esan zuen "harro" dagoela Orbegozok egin duen lan guztiaz, eta harro dagoela "azpeitiar bat horren urrun iritsi delako". Jose Mari Orbegozo, bere aldetik, hunkituta esan zuen bera "azpeitiar izateaz harro" dagoela. Amaia Gonzalezek ere hartu zuen hitza, eta eskerrak eman zizkien Udalari harrera egiteagatik, eta esan zuen bera ere azpeitiarra sentitzen dela. Bertaratu ziren guztien txalo zaparrada artean oroigarri bat eta lora sorta bat jaso zuten Orbegozok eta Gonzalezek.