Apirilaren 2an izango da XL. Udaberriko Argazki Rallya

Uztarria.eus | Kultura | Artikulua
2017-03-17 09:43

Izen-ematea Azpeitiko Argazki Elkartearen (AAE) egoitzan egin beharko da 09:00etatik 09:30era bitartean. Kamera digitala eta memoria-txartel huts bat duen edonork har dezake parte lehiaketan. Sari banaketa ekitaldia eta argazkien emanaldia maiatzaren 6an izango da, Burdinbidearen Euskal Museoan.

Iazko bilduma irabazleko irudia. (IƱaki Etxenagusia)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Udaberria geroz eta gertuago dago, eta urtero data hauetan egiten duen bezala, Azpeitiko Argazki Elkarteak XL. Udaberriko Argazki Rallya antolatu du apirilaren 2rako. 

Kamera digital bat eta memoria-txartel huts bat duen edonork har dezake parte rallyan. Izen-ematea Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan (Perez Arregi 1, Telefonicaren egoitza zaharrean) egin beharko dute parte hartu nahi dutenek, 09:00etatik 09:30era bitartean, eta leku berean hustuko dituzte txartelak, 13:00etatik 14:00etara. 16 urtetik gorakoek hamar euro ordaindu beharko dute izen-ematea; adin horretatik beherakoentzat, aldiz, doakoa da izen-ematea. Goiz aldean hamaiketako egingo dute, eta rallyaren ondoren bazkaria izango da. Bertara joan nahi duenak, rallyan izena ematerakoan egin dezake bazkarirako izen-ematea ere. 

Parte-hartzaile bakoitzak, hutsik dagoen memoria-txartela eraman beharko du eta bertan bildutako argazkiak 13:00etatik 14:00etara, AAEren egoitzan bertan deskargatuko dituzte. Txarteletan gehienez 36 irudi eduki beharko dira eta horiek ezingo dira manipulatu. Hau da, ordenagailuaren erabilera debekatuta dago. Aterako diren argazkiak erresoluzio onenean aterako dira, JPG formatuan eta berezkotasuna, sormena eta teknika izango dira kontuan puntuak ematerako orduan. 

Urtero gisan, rallyrako hautatutako gaiak egunean bertan jakinaraziko dituzte antolatzaileek. Parte-hartzaileek gai bakoitzeko argazki bat aukeratu eta apirilaren 9a baino lehenargazkiakaae@gmail.com helbidera bidali beharko dituzte, partaidearen zenbakia eta argazkiaren zenbakia adieraziz. 

Sariak eta sari banaketa 

Honakoak dira AAEk banatuko dituen sariak:

  • Bilduma onena: 150 euro eta garaikurra.
  • Bigarren bilduma onena: 120 euro eta garaikurra
  • Hirugarren bilduma onena: 90 euro eta garaikurra. 
  • Herrikoa ez den lehen sarituak: 60 euro.
  • 16 urte azpiko hiru sarituei garaikurra emango diote.

Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 6an izango da, Burdinbidearen Euskal Museoan, 18:00etan hasita. Bertan, sari banaketaz gain, parte hartzaile guztien irudiak ere eskainiko dituzte. Argazki sarituak antolatzaileen esku geldituko dira eta egokia irudituz gero, erabiltzeko eskubidea izango dute egilearen izena aipatuz. 

Udaberriko Argazki Rallyan lortutako puntuak baloiagarriak izango dira Herriz Herri Txapelketarako.

Iñaki Etxenagusiak irabazi zuen iazko Udaberriko Rallya

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa